Ekintzailetza arloa, 31 urtez ekintzaileen bidelagun izaten
Enpresa ekimen berriak, berritzaileak eta balio erantsi handikoak sustatzea da Goiekiren Ekintzailetza arloaren egiteko nagusia. Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu horretarako, baita lehiaketa bat antolatu ere.
Goieki garapen agentziak 31 urte daramatza negozio ideia bat duten eskualdeko ekintzaileei haien enpresa proiektua gauzatzen laguntzeko zerbitzua ematen. Proiektuaren garapen fase guztietan eskaintzen diote babesa eta aholkularitza ekintzaileari.
Ekimen berriak, berritzaileak eta balio erantsi handikoak motibatzen eta bultzatzen ditu Ekintzailetza arloak.Eskualde bizigarri bat lortzeko haziak landatzen jarraitzen du.
Urte hauetan guztietan 1.870 lagunek jaso dute zerbitzua, 468 bideragarritasun plan landu dira eta 374 enpresa sortu.
Zerbitzuak
Negozio ideia bat garatzeko prozesuan sortzen diren zalantzak argitzen dizkiete ekintzaileei, negozioaren ideia abian jarri arte. Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu horretarako Ekintzailetza arloak. Zerbitzu horiek Goierriko udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduak dira.
Lehen arreta egiteaz gain, ekintzaileari informazioa eta aholkularitza ematea da aurreneko urratsa, negozio ideia bat abian jartzeko ezinbestekoa. Ondoren, bideragarritasun plana egiten laguntzen diote ekintzaileari, duen negozio ideiaren inguruan hausnartzen lagun diezaion.
Hirugarren zerbitzua formakuntza da. Horren bidez, enpresa-kudeaketaren alderdiaz jabetzen da ekintzailea, negozioari ekin aurretik jakin beharrekoak ikasiz. Eta azkenik, Enpresa gunearen zerbitzua ere eskaintzen du Ekintzailetza arloak. Zerbitzu aurreratuak dituzten guneak dira, enpresak sortu eta finkatzeko prozesuei laguntzeko.
Ekintzailearen ibilbidea
Jarraitu behar duen prozesuaren ibilbide bat lantzen du Goiekik ekintzailearekin lankidetzarekin. Negozio ideiaren berri izan ondoren, ekintzailearen motibazioa eta ideiaren garapen maila ezagutzen ditu. Negozio plana egitea da hurrengo urratsa, tresna ezinbestekoa kudeaketak ekarri duenaz jabetzeko.
Bideragarritasun planak oniritzia izanez gero, enpresa eratzea dator ondoren. Horretan ere ekintzailearen bidelagun izaten da Goiekiren Ekintzailetza arloa. Eta babesa ematea eta jarraipena egitea da ibilbide horretan azken fasea, bidean sor daitezkeen zailtasunei aurre egiten laguntzeko.
Enpresa guneak
Goiekik enpresa gune ezberdinak eskaintzen dizkie ekintzaileei, haien enpresa ekimen berriek behin-behineko kokapena izan ahal izateko. Guztiek helburu bera dute, enpresa sortu eta kontsolidatu arteko epe horretan, ahalik eta erraztasuna eta laguntza gehien izatea. Horretarako hainbat zerbitzu eta espazio eskaintzen ditu. Besteak beste, Beasaingo Kale Nagusia 40an, Lazkaoko Hirigoien 56an eta Ordiziako industria gunean kokatutako tamaina desberdinetako bulegoak eta laborategi gisa erabiltzeko aukera ematen duen pabiloi bat.
Ekimen berrien lehiaketa
Dagoeneko martxan da Goiekiko 2026ko Ekintzailetza arloak antolatutako Enpresa Ekimen Berrien 29. lehiaketa. Aurtengo lema honakoa da: Ideietatik etorkizunera.
Proiektuak aurkezteko epea zabalik dago eta irailaren 25en bukatuko da. Goiekik ekintzailearen irudia, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatu nahi ditu lehiaketa honen bidez.
Azken urteetako ildoari jarraituz, hiru kategoriatan banatuta dator lehiaketa. Lehen kategorian Enpresa Ekimen Berriko Proiektu onena saritzen dute (6.000 euro + 3.000 euro enpresa berriak kooperatiba izaera badauka); bigarrenean, enpresa barruan egindako proiektu berritzaile onena ( 2.000 euro); eta hirugarrenean eta azkenean, ekintzailetzaren bitartez gizarte inklusio programa onena (2.000 euro). ■
Lehiaketaren oinarriak eta izen emateak: goierri.eus
Harremanetarako: 943 16 18 31

