Txindokik liluratu zuen eskalatzaile aitzindaria
Uztailaren lehenean hil zen Jesus Aiestaran Arruabarrena Suso (Donostia, 1936-2026) mendizale eta eskalatzaile aurrendaria, Donostian, 89 urterekin. Donostiarra bazen ere, Gaintzako sustraiak eta jatorria zeuzkan. Familia aldetik jatorri gaintzarrekoa, ama Elormendi baserrikoa baitzuen, bertako hiru etxebizitzetako batekoa. Baina baita mendizaletasuneko sustrai aldetik ere, Aralarrek eta Txindokik txundituta hasi baitzen mutikotan mendirako joera hartzen.
Honela gogoratu zuen Aiestaranek mendiarekiko lilura nola piztu zitzaion, Berria egunkariari iazko urrian emandako elkarrizketan: «Ama Gaintzako baserri batekoa zen, eta, 15 urte nituenean, haren etxeko guztiek irteera bat antolatu zuten Txindokira. Denak bertan jaiotakoak ziren, eta parez pare zuten Txindoki. Baina inoiz igo gabe zeuden. Ni ere haiekin joan nintzen. Hura izan zen igo nuen lehen mendia. Guretzat egun handia izan zen hura!».
Elormendiko ataritik, mendiko alorretara. Bizitza guztian etengabeko harremana hasi zuen, 1951 hartan. Makina bat bide, diziplina eta sabai urratu zituen Aiestaranek mendian. Eskalatzen 15 urterekin hasi zen, Hernaniko Santa Barbaran. Donostiatik oinez joan, eta ederki xehatu zituzten harkaitz haiek: sei edo zazpi bide egotetik, gaur egun ehundik gora bideko eskalada-gune ospetsura jaso zuen gaintzar jatorriko mendizaleak eta lagunek eremu hura.
Eskalada, eskia, elkartegintza
Pirinioetan eta Europako Mendietan lehen eskalada asko gauzatu zituen Susok, 196ko hamarkadan, lagunekin (Julio Villar bidaiaria, horien artean) edo Uli Hasse emaztea korda-lagun hartuta: Gaubean, Tiro Llago Dorrean, Errolanen Arrailean, Balaitousen, Midi d’Ossaun… Bizitzaren azkenera arte eskalatu zuen; 2025ean, adibidez, Elutsetako harkaitzean (Urnieta) 1961ean berak eta Juan Laredok zabaldutako bide bat eskalatu zuen, 64 urte geroago.
Euskal Herrian mendiko eskiaren hastapenetan ere parte hartu zuen Aiestaranek. Ausa Gaztelu tontorreraino eski gainean igo ziren Laredo eta biak, 1954ko Errege egunean, eski oholen zolan soka batzuk lotuta.
Ibili bakarrik ez, egindakoak idatzi eta gorde dituen idazlea ere bazen. Liburuak idatzi zituen. «Horregatik geratu dira islatuta nire jarduerak. Idaztea maite dudanez, aintzat hartu izan naute. Hemen, Euskal Herrian, jende oso indartsua izan da, baina oharkabeagoan igaro da haien ibilbidea», zioen elkarrizketan. Emaztea alemaniarra zenez, Stuttgarteran joan ziren ezkontzera eta bizi izatera, 29 urterekin, eta zortzi urtean han ere eskaladaren punta-puntako eragileekin hartu-emana izan zuen. Kilimanjaro, Aconcagua, Denali, Ojos del Salado… helduaroan igo zituzten senar-emazteek.
Donostian, Club Vasco de Camping elkartean garatu zuen mendizaletasuna, eta Errimaia aldizkariaren lehen zuzendaria izan zen. ■

