Korrika Kulturalaren barruan, 21. Korrika girotzeko saio berezia izango da gaur, hilaren 15ean, 19:00etan, Beasaingo Igartzako jauregian: Xabier Zabala musikariak eta Andoni Egaña bertsolariak elkarlanean sortu duten Enkarguz. Sormenaren ibaia saioa. Sormen proposamen bat da Enkarguz, kanta bat egiteko enkargua.
Xabier Zabala musikari eta Andoni Egaña bertsolari zarauztarrek hamaika abesti sortu dituzte elkarrekin, baina ixilean egiten duten sormen lana, oholtza gainean jorratzeko jauzia egin dute. Musikaren eta hizkuntzaren artisauei Alberto De Abajo gehitu zaie, ikuskizunaren alde bisuala zainduz. Publikoak, pantailaren bitartez, sormen prozesuaren urratsak argiago jarraitzeko. Azken batean, beraiek abestiak sortzeko erabiltzen duten prozesua erakutsiko diete zarauztarrek ekitaldira joaten direnei, abesti baten atzean dagoen sortze prozesua erakutsiz. Erakusteaz gain, hirukoteak beste helburu edo erronka bat izango du: egiten duten ikuskizun bakoitzean kantu bat sortzea, publikoaren laguntzaz. Ordu eta erdiko ariketa izango da.
Gaia emanda edo ez
Abestia sortzeko prozesua desberdina izango da ikuskizun batetik bestera. Gaiari dagokionean, bi aukera daude: gaia emanda izatea edo gai jakinik gabe izatea. Gaia jakina ez denean, sarreran paper batzuk banatzen dituzte gai proposamenak saskian sartu eta hortik ateratzen den gaia erabiliko dute abestia sortzeko. Ondoren, inkesta moduko bat pasatuko diete ikusleei abestiaren funtzioari, erritmoari, hitz klabeei eta abarri buruz informazioa eskatzeko. Saioaren emaitza kantu bat izango da, beti berria eta beti desberdina.
Dohainik da kantu sortzen ikasteko irakaspena.