Goierri kirol elkartearen saskibaloi sailak 50 urte beteko ditu aurten. Mende erdi daramate dagoeneko baloia elkarri pasatzen eta saskiratzen, mende erdi gazteen artean kirolzaletasuna suspertzen eta baloreak sustatzen.
Urretxu eta Zumarragako Goierri kirol elkartearen saskibaloi sailak 50. urteurrena ospatuko du aurten. Talde horren eskutik, ehunka bizilagunek saskibaloian jokatu dute. Kirol honek 1967an eman zituen lehen pausoak Urretxun eta Zumarragan. La Salle-Legazpi ikastetxean, hain zuzen ere. La Salle taldea Jose Luis Esnal eta Aita Epifaniok (Jose Migel Sagardia) sortu zuten. Esnal La Salleko ikasle ohien elkarteko zuzendaritzako kidea zen eta seminarioan ezagutu zuen saskibaloia. Sagardia, berriz, Irundik etorri zen eta bertan ere talde bat sortu zuen.
1969an Esnalek Goierriren saskibaloi saila abian jarri zuen. Lehen presidentea Jesus Mari Mendiaraz izan zen. 1971-1972 denboraldian nazional mailan jokatu zuten lehenengoz, federazioak gonbidatuta. 1975-1976 denboraldian jaitsi egin ziren, baina handik hiru urtera maila berreskuratu zuten.
Ordutik, beste mugarri batzuk egon dira: 1988-1989 denboraldian bigarren nazionalera igo ziren, 2001-2002 denboraldian nesken taldea sortu zuten, 2012-2013 denboraldian gizonezkoen lehen taldeak EBA ligan jokatu zuen (federazioak gonbidatuta) eta iaz EBA ligara igo zen. Egun, Goierrik hamasei talde ditu. Bederatzi gizonezkoenak dira eta zazpi emakumezkoenak.
Ehunka jokalari
Taldetik ehunka jokalari pasa dira eta asko dira arrastoa utzi dutenak. Familia batzuk Goierriri oso lotuak daude. Paco de Miguelek lehen taldean jokatu zuen eta ondoren entrenatzailea eta zuzendaritzako kidea izan zen. Haren semea, Aitor, egungo taldeko izarra da. Bera da partida gehien jokatu dituen jokalaria eta puntu gehien saskiratu dituena. Chicotarrek ere Goierri odolean daramate. Aita, Jose Antonio, lehendakaria izan zen. Semeetako batek, Xabierrek, makina bat partida jokatu zituen 1980ko eta 1990eko denboraldietan eta entrenatzaile izan zen. Egun kirol zuzendaria da. Haren seme Oierrek Goierrin jokatzen du.
«Ederrena pilotaleku zaharra goraino betetzen zen eta sekulako giroa sortzen zen». Joxe Murua, jokalari ohia
Beste batzuk, berriz, Goierritik goi mailako taldeetara salto egin zuten. Joxe Murua legazpiarrak eta Mikel Galdona urretxuarrak, adibidez. Muruak Bilboko Kas taldean eta Gasteizko Baskonian jokatu zuen. Galdonak, berriz, Donostiako Askatuak taldean.
Biek Goierri bihotzean daramate. Murua 1955ekoa da eta 15-16 urterekin hasi zen Goierrin. «Legazpiko La Salle ikastetxean saskibaloian jokatzen hasi ziren eta nik ere jokatzea erabaki nuen. Ondoren, Zumarragako La Salle ikastetxera joan nintzen. Han ere saskibaloi taldea zegoen. Goierrikoek beraiekin jokatzea eskaini zidaten eta hala hasi nintzen».
Jokalari bikaina zen eta berehala Bilboko Kas taldetik deitu zioten. Bi urte eta erdi eman zituen bertan. Handik, Gasteizera joan zen. Baskonian beste bi urte eta erdi eman zituen. Ez zioten kontratua luzatzeko aukerarik eman eta kanpoan jokatzeko gogorik ez zuenez, etxera itzuli zen. Beste sei edo zazpi denboraldi jokatu zituen Goierrin.
Hegalekoa zen eta berak jokalari «arrunta» zela dio, baina Ederrena pilotalekuan jokatzen ikusi zutenek bikaina zela diote. «Kanpoan eman nituen urteetan teknika hobetu nuen».
«Goierriren saskibaloi sailak sekulako lana egin du 50 urte hauetan». Mikel Galdona, jokalari ohia
Kasekin eta Baskoniarekin 1970eko jokalari onenen aurka jokatu zuen:?Corbalan, Luyk… «Onenak Real Madrilekoak ziren. Garai hartan Madrilek txapelketa guztiak irabazten zituen». 1970eko hamarkadako pabiloi onenak ezagutu zituen, baina bere kantxa kuttuna Ederrena pilotaleku zaharra da. «Goraino betetzen zen eta sekulako giroa sortzen zen».
Galdona Murua baino urte bat gazteagoa da. Klubaren hirugarren denboraldian hasi zen Goierrin jokatzen. Bi denboraldi jokatu zituen Goierrin eta ondoren Askatuak taldera joan zen. Donostiako taldean hamaika denboraldi eman zituen. «Lehen hiru denboraldiak lehen mailan jokatu nituen eta ondorengoetan sarritan jaitsi eta igo ginen», oroitzen du.
Berak ere Estatu espainiarreko talde onenen aurka jokatu zuen:?Real Madril, Bartzelona, Joventut, Estudiantes… «Korac kopa ere jokatu genuen. Bi aldiz. Gurea izan zen Europako txapelketa bat jokatu zuen lehen euskal taldea».
Europako kiroldegiak bikainak ziren, baina ez zuten Ederrena zaharraren xarma. «Oroitzapen zoragarriak ditut. Talde bikaina genuen eta oso borrokalariak ginen. Goierriren saskibaloi sailak sekulako lana egin du. Halako herri batek EBA ligan jokatzea sekulakoa da».
Murua, Galdona eta beste hamaika jokalari eta entrenatzaile ohi urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekitaldien aurkezpenean elkartu ziren. Izan ere, Goierri familia handi bat da. Duela 50 urte baloia hartu zutenetik, eskuz esku ibili dute. Belaunaldiz belaunaldi. 50 urteko jokaldi luze bat. Gaurtik aurrera jokaldi horren irudiak ikusi ahal izango dira Juan de Lizarazu aretoan:?taldearen historiari buruzko erakusketa irekiko dute.