Naiara Iruretagoienak (Ordizia, 2005) azkar eta ongi ikasi du saskibaloian jokatzen. IDK Gipuzkoarekin Gazte Mailako Erreginaren Kopa jokatzeko hautatu zuten. Ordizian jokatzen du, baina bera hautatu zuten talde donostiarra ordezkatzeko. Berriz errepikatuko lukeen esperientzia izan da. Halere, etxean badakite saskibaloitik bizitza aurrera ateratzeko bidea luzea eta zaila dela, eta harrotu gabe bizi da.
Gustatuko litzaizuke egunen batean saskibaloi jokalari profesionala izatea?
Noski baietz, baina ez da erraza. Oraindik infantil mailan jokatzen dut, eta gauzak asko aldatu daitezke. Saskibaloia eta ikasketak ongi uztartzen ditut.
Halere, gauzak ongi egiten zabiltza, IDK Gipuzkoarekin ez baita edonor joango Erreginaren Kopa jokatzera. Nolako esperientzia izan da?
Oso gustura ibili naiz. Hasieran urduri xamar nengoen, baina taldekideekin konfiantza hartzean oso ongi pasatu dut. Parte hartu dugun jokalari guztiok asteburu osoa elkarrekin pasa dugu, eta esperientzia aberasgarria izan da.
Ordizian jokatzen duzu saskibaloian. Nolatan joan zinen
IDKrekin Gasteizera?
IDK Gipuzkoak ez du harrobiko talderik, eta selekzio antzeko bat egin zuten. Arrasateko, Azpeitiko, Donostiako, Eskoriatzako, Hondarribiko… jokalariak elkartu ginen. Hautaketa prozesu baten ostean, hamabi laguneko taldea osatu zuten.
Zeintzuk izan ziren zuen aurkariak?
Ensino Lugo galiziarrak, Sant Adria kataluniarrak eta Valentzia Basket. Araskiren aurka lagunarteko bat ere jokatu genuen.
Errepikatuko zenuke?
Aukera badut, ziur baietz.
Zergatik saskibaloia?
Jokatzeak lasaitu egiten nau. Eskola kirolean hasi nintzen saskibaloian jokatzen, eta asko gustatu zitzaidan lehen unetik. Pentsa, entrenamenduetara ordu laurden lehenago etortzen naiz gehiago jokatzeko aukera izateko, edo aulkian egotea tokatzen zaidanean amorratuta egoten naiz kantxara jauzi egiteko.
Zer ematen dizu saskibaloiak?
Lagun berri asko egin ditut. Erreginaren Kopa beste taldeetako jokalariekin jokatu nuenez eta aurkariak kanpokoak zirenez, jende berria ezagutzeko aukera izan nuen. Ordizian ere bi eskoletako jendeak osatzen dugu taldea, baina elkarren artean oso harreman ona dugu eta denak lagunak gara. Aurtengo ligan oso emaitza onak pilatzen ari gara.
Neska asko zaudete Ordizian saskibaloian jokatzen.
Nesken bost talde ditugu. Seguru asko, futbolean edo eskubaloien baino neska gehiagok jokatuko dugu saskibaloian. Gainera, jende asko etortzen da nesken partidak ikustera, eta Erreginaren Kopan ere harmailak bete egin ziren.