Urretxuko Pasiotarren etxea Aspaceren egoitza berria izango da. Etxe hori oso garrantzitsua izan da.
Garai batean erlijioak indar handia izan zuen gurean eta herri gehienetan kongregazioren bat zegoen. Urretxura Pasiotarrak etorri ziren. Bertan apaiztegia ireki zuten eta euskararen alde lan handia egin zuten. Pixkanaka fraide gabe gelditu dira, etxea handi gelditu zaie eta udalaren eskuetara pasa da. Trukean, etxebizitzak egin ahal izango dira pasiotarren lursail batean. Fraideen etxean, berriz, Aspaceren egoitza berria egingo da. Adinekoentzako apartamentu tutelatuak eta zaintzaileentzat eskola ere egin nahi dira.
Pasiotarrak 1935ean iritsi ziren Urretxura. Gabiriatik etorri ziren, hango etxea txiki gelditu zitzaielako. 1950eko hamarkada hasieran teologia ikastetxea eta eliza eraiki zituzten.
Urretxuko etxean 70 bat lagun bizi ziren: 20 fraide eta 50 ikasle. Beraien ikasketak Urretxun egin zituzten fraide asko misioetara joan ziren.
Apaiztegia 1968an itxi zuten. Hemengo ikasleak Deustura joan ziren eta eraikinetako batzuk ikastolak hartu zituen. Izan ere, pasiotarrek ikastolaren sorreran lagundu zuten. Ikastola sortu nahi zuten gurasoei bababesa eta eta eskolak emateko tokia eskaini zieten.
Gainera, fraideen eta Nekaldiaren Kofradiaren eskutik solfeo, txistu eta dantza eskolak eman ziren eta gau eskola eta antzerki taldea sortu ziren.