Urretxu-Zumarraga Ikastolako saskibaloi taldean ibili ondoren, Goierri kirol elkarteko taldera egin zuen salto Xabier Chicok (Urretxu, 1969), eta harrezkero ez du kluba utzi. Jokalaria lehenik (joko antolatzaile), entrenatzaile, kirol zuzendari eta zuzendaritza taldekoa gero, gaur egun buru-belarri dabil Goierriren 50. urteurrena ospatzeko antolaketa lanetan. Gainera, Beasaingo BKL-ren senior taldea entrenatzen du denboraldi honetan, eta Euskadiko selekzioan ibili ondoren, Espainiakoan 15 urtez azpikoen entrenatzailea ere bada. Lanbidea, berriz, beste bat du, sukaldeko tresneria enpresa bateko erosketa burua da. Bidaia ugari egin behar izaten ditu lan horrekin, Txinara, esaterako, urtean bi aldiz.
Zein da zure kluba?
Goierri.
Eta liga handietakoa?
Real Madril.
Jokatzea ala entrenatzea?
Aspaldi egin nuen aukera. Goierrin nenbilela, 24 urterekin, jokatzeari utzi eta entrenatzen hasi nintzen; orain arte.
Zaletasun bat.
Errepideko bizikleta.
Pelikula bat.
Triple frontera, azkena ikusi dudana.
Musikari bat eta abesti bat.
AC-DC eta haien For those about to rock.
Liburu bat.
Angel Gonzalez Jareñoren Baloncesto para educar.
Janari eta edari bana.
Amak egindako patata tortilla eta ardo on bat.
Oporretarako leku bat.
Jaca, gertu dagoelako eta mendian eta bizikletan ibiltzeko leku ona delako.
Goierriko txoko bat.
Irimoko zazpi puntak.
Herriko alkate bazina?
Kiroldegia berrituko nuke; 1983an eraikitakoa da. Urretxuk kiroldegi hobea behar du.
Urretxun biziko ez bazina…
Ez dut inoiz pentsatu.