Eneritz Gorrotxategi
Sarritan aipatu izan dugu txoko honetan herri txikiek jokatu ohi duten papera, bataren edo bestearen ustez duten indarra, aukera eta bidea… Baina, azken egunotan, herri txikien inguruko beste hausnarketa bat darabilt buruan. Ikusgarritasunarena. Ez diot herri txikietara datorren turista kopuruari begira ez, etor daitezela gustu badute, beso-zabalik hartuko baititugu, noski!
Baina, herri txikietan egiten diren ekintzek duten ikusgarritasunarena da nire gaurko kezka edo galdera: herrian bertan geure txikitasunetik egiten diren ekitaldi xume zein ponpoxoagoek, hartzen diren erabaki xume nahiz konplexuagoek oihartzuna izatea, eskualdean jakitea, estimatua dela esango nuke. Aldiz, badira beste zenbait ekintza herri handiagoekin batera egin litezkeenak edota herri handien pare egiten direnak eta horiek, badirudi isilpean, itzalean, gordeta, geratzen direla.
Zuk ere hala ikusten ote duzu? Herri txikiak, ahal duten neurrian handien pare izan daitezkeenean zergatik geratzen ote gara pausu bat atzerago? Geure txikitasunetik geuk bultzatu beharko genuke horrela izan ez dadin, ala? Edota txikitasunari ustez dagokion umiltasunarengatik ezin diogu geure buruari zenbaitetan handien pare izaten utzi? Kontraesana ote da desberdintasunak izan arren, pareko izateko aukera probestea? Mapan ageri ez garela ohartu eta besoak gurutzatuta geratzea al dagokigu? Hainbesteko deskalabrua ote da leku berean agertzea? Zuk nola ikusten duzu?
Ion Muñoa
Ez dakit txikien eta handien artean oreka orekaturik posible ote den mundu honetan, oro har. Baina argi dut herri txikien eta handien artean desorekak handiak direla; eta horiek nabarmen geratzen (agian ez ikusten) direla mahaigaineratu duzun ikusgarritasunaren kontuan. Ziurrenik herri txikiotakook badugu ez agertzearen arduraren zati bat; izan umiltasunagatik, ezjakintasunagatik, garrantzia ez emateagatik edo ez asmatzeagatik. Baina zalantzarik gabe, gure inguruko plaza publikoan espazio gehien okupatzen duten bitarteko eta ekoizleek ardura gehiago dute, hori horrela izan dadin. Eta esango nuke, gehienetan ezjakintasunak duela pisu gehien: herri txikietako bizitzaren, ezaugarrien, gertakizunen, lorpenen, kulturaren, funtzioaren eta abarren benetako ezagutzak konplexutasuna ulertzea eta jakinminean sakontzea eskatzen du. Errazagoa da, ordea, mezu sinpleetara jotzea, estereotipoekin marko mugatu eta murrizleak eraikitzea, eta herri txikietan gertatzen den oro haien baitan kokatzea (eta enkajatzera behartzea). Eta agian, ezjakintasunaz gain, intentzionalitateak ere jokatuko du paper bat horretan, baina nahiago dut halakorik ez dagoela pentsatu!
Edozein modutan, handiekin alderaketan edo pareko jartzean ikusgarritasuna bilatzea bezain garrantzitsua iruditzen zait, aipatzen duzun estimatze hori; aitortza. Uste dut, funtsean eta oinarrian daukagun desoreka nagusia hortik datorrela: egiten denaren eta garenaren benetako aitortza falta. Herri handietatik eta gizartetik herri txikionganako aitortza falta badagoela uste dut; eta era berean, herri txikietan ere, herritar askok beraien herrikideekiko eta herriarekiko aitortza falta handia dutela. Berez gauza asko gertatzen dira, baina ez denak. Bakoitzari berea aitortzea, norberari zor zaiona aitortzea, ez ote da orekarako bide egokiena? Edo gehitxo eskatzea da hori?