Hamalau urterekin hasi zen Mikel Alonso (Legazpi, 1974) Legazpiko Erraldoien Konpartsan (LEK). Ia 30 urte igaro dira taldeko ardura hartu zuenetik; hala ere, ez du ilusioa galdu oraindik.
Nola bizi dituzu Legazpiko Santikutzak?
Festak barrutik bizi ditudala esan dezaket. Herriko jaiak txupinazoarekin hasten dira, eta bertan egoten gara urtero konpartsako kideak.
Erraldoien konpartsan egoteaz gain, zein beste ekintzetan hartzen duzu parte?
Ahal dudan jarduera gehienetan. Herriko jaietan garrantzitsua da parte hartzea. Festen antolaketa komisioan nago, esaterako, eta horretaz gain, urte askoan antolatu dut familia bazkaria.
Zein da zuretzat Legazpiko festetako egunik politena?
Familia bazkaria egiten dugun eguna. Haurrei bideratutako jarduera mordoa antolatzen dituzte. Umeen aurpegiek islatzen duten ilusioa ikustea bezalakorik ez dago.
Zer falta zaie Legazpiko Santikutzei?
Herritarren parte hartzea. Denbora luzean ibili naiz festetako antolaketa komisioan, eta urteroko kezka bera da: herritarrek ez dute jaietan parte hartzen. Ekintzak eta jarduerak ez baditugu herritarrak biltzen diren guneetara eramaten ez dute parte hartzen.
Zein dira festa guztiek izan behar dituzten osagaiak?
Garrantzitsuena, esan dudan bezala, herritarren parte hartzea. Horretaz gain, musika ere oinarrizkoa da. Nik egunero jarriko nuke fanfarre bat herrian barrena bueltaka ibiltzeko eta giroa alaitzeko.
Herriko festetako oroitzapen on bat?
Txupinazoa lehenengo aldiz buruhandiekin eta erraldoiekin bota nuenekoa, orain dela 15 urte. Konpartsako kideak beti izaten gara txupinazoaren unean, baina bigarren planoan. Oso polita izan zen festei hasiera modu horretan ematea.
Zerk lotzen zaitu gehien erraldoien konpartsarekin?
Kideon artean sortzen den giroak. Ekitaldiak musu-truk egiten ditugun arren, jende eta esperientzia asko ezagutzeko aukera eman dizkit taldeak.
Zer nahiago du jendeak, buruhandiak edo erraldoiak?
Adinaren araberakoa da. Helduek erraldoiak nahiago dituztela esango nuke. Haurrek, aldiz, buruhandiak nahiago dituzte: beldur pixka bat ematen dieten arren, ederki pasatzen dute eurekin jolasean.
Zer esango zenioke erraldoien konpartsara batu nahi duen norbaiti?
Ateak irekita dituela. Gogoa eta ilusioa besterik ez ditu behar: pazientzia pixka batekin edonork ikas dezake erraldoi bat eramaten.