Aitor Calvillo
Gora España askatuta! España va bien! España una e indivisible! Que encarcelen a todos los separatistas!… Zenbat horrelako entzun behar izan ditugun, batez ere azken hilabete hauetan. Eta horixe diot nik ere, «Que viva España!», baina gu bakean utz gaitzatela! Hainbeste kalte, hainbeste min, hainbeste traba egiten badiegu utz diezagutela aske erabakitzen, eta hala nahi badugu kanpoan geratuko garela. Hala ere, ziur naiz gurekin ez dutela bizi nahi, baina era berean gu gabe ere ezin dutela bizi. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak pasa berri dira eta lehengo lepotik burua! Aginte-makila hartzea helburu bakartzat zuten hautagaiak besterik ez ditugu izan kanpaina guztian zehar. Elkarri mokoka, irainak batak besteari… eta herriari begirako proposamenik, apenas! Eta eskuina indarrean. PP, Ciudadanos, VOX… azken hauek behintzat ideiak garbi, eta esandakoarekin bat egingo dutela ez dut nik zalantzan jarriko. Hauekin iritsiko zaigu agian Espainiatik alderatzeko aukera. Edota denok kartzelara bestela (beste hizkuntza bat erabiltzen dugu ahoz nahiz idatziz, beste ohitura batzuk ditugu –nahiz eta siesta egitea izugarri gustatzen zaigun-, herri kirolak ditugu maite…) Tira, Asier! Espainiakoak joanda, Europa eta udalerrikoak ate joka. Eta berriro ere botoa ematera joateko gonbidapena jasoko dugu.
Gauzak horrela hausnartzeko zenbait kontu. Notre Dame erre dela eta ondare hori ezin dela galtzen utzi. Bat-batean milioika euro emateko prest dauden enpresarioen hitzak albistegi guztietan. Bitartean eliza azpian makina bat eskale bizi duinago bat eskatuz, baina hauentzat dirurik ez! La Manada-ko bortxatzaileak kalean libre, lapurretak egiteko ere ahalmen guztiarekin, eta bitartean emakumeak isilik, epaile batzuen ustetan hankak zabaltzen ibiltzen baitira festaz festa! La Manada-ko goardia zibila sin destino baina soldata kobratuz eta bitartean Iñaki Igerabide ezin bere suhiltzaile lanpostura itzuli. Hau al da hauteskundeek uzten diguten justizia?
Axier Iriondo
Baina, bestela, ondo, ala? «Bestela horrek emuten jittuk problemak» esaten dit askotan Bedoñako poeta batek. Badirudi, ordea, bestelaren alde hau ere harresiaren beste aldearekiko simetrikoa dela.
Gaur, igandez ari naiz, irakurri diot Egañari, Sarasuak Maximilianori esan omen ziona, Espainia gaixotasun bat zela. Gaixotasuna sendatu egin daiteke edo kronifikatu, baina Espainia eta Frantzia gaitzak kronifikaezinak dira. Sendatu ezean, hil egingo gaituzte, esaera zahar batek esaten duen moduan, bai ala bai.
Gaitz mota horrek izenari eta izanari erasotzen die, gainera. Leire Palaciosek Sarean irratsaioan «Euskal Herri osoan?» galdetu zion elkarrizketatuari eta elkarrizketatuak baietz erantzun, «Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban». Eneko Bidegainen Lurraldea eta herria bezalako sendabelarrek lagunduko ahal digute.
Bestela, Bedoñara denok. Arrasateko auzo bat da eta ederki jaten da.