Gazte Mailako I. Aurresku Txapelketa Nagusiko finaletako bat Legazpin jokatuko da (bihar, hilak 18, 16:30ean, azokan). «Badira 25 urte gazteei zuzendutako aurresku lehiaketak antolatzen direla. Aurten, ordea, berritasun batzuk txertatu ditugu, eta horregatik deitu diogu lehendabiziko txapelketa», zehaztu du Jon Dorronsoro Sustraiak Dantza Taldeko arduradunak. Legazpiko taldea da antolatzaileetako bat.
«Mutilak eta neskak banatuta lehiatzen ziren orain arte. Banaketak ez zuen zentzurik, batzuen eta besteen arteko aldea adinak eragiten baitu, ez generoak. Horregatik, aurten liga bateratu bat antolatu dugu», azaldu du Dorronsorok; guztiek elkarrekin hiru saiotan hartu dute parte, eta bi puntuazio onenak batuta egindako sailkapenaren arabera, onenak finalera pasa dira. «Gure ordezkariei dagokienez, bost dantzaritik bi pasa dira finalera: Markel Garmendia eta Irantzu Perez. Halere, Laia Arruabarrenak, Amaia Azpeitiak eta Izaro Velascok ere txalotzeko moduko lana egin dute».
Legazpiarrak izan dira txapelketan parte hartu duten goierritar bakarrak. «Ez dakit zergatik. Txapelketak bereziak dira, eta dantza talde batzuek nahiago izaten dituzte ikuskizunak prestatu».
«Alor pedagogikoari garrantzi handiagoa eman diogula da aurtengo beste berritasuna», zehaztu du Dorronsorok. «Dantzari bakoitzak zer eta nola hobetu behar duen zehazten duen txosten bat jasoko du». «Dantzarien mailak hobera egin du nabarmen, baina dantzak ikusgarriagoak egiteko, oinarrizko pausu batzuk ez dira behar bezala egiten», esan du antolatzaileak. «Dantza mundua tradizionala izan arren, estiloak aldatuz joaten dira».
Jantzirik egokiena ere sarituko dute. «Egokiena, ez politena». Iraganeko jantziekin lotura izatea nahi dute antolatzaileek.