Interneten Nazioarteko Egunaren harira, Euskararen bizitasun digitala ispiluaren aurrean txostena argitaratu du PuntuEus fundazioak; bertan, euskararen eskaintza eta eskari digitala indartzeko deia egin du.
Txostenean jasotako datuen arabera, Euskal Herriko webgune guztien artean 26.663 dira euskarazko edukia dutenak, guztien %16. PuntuEus domeinua erabiltzen duten webguneen artean, portzentaia hori nabarmen igotzen da, %89,23raino. Ikus-entzunezkoen arloan ikusi dute hutsunerik handiena; 2018an Interneten mugitu zen trafiko guztiaren %57 bideoak ziren, eta hor euskarak apenas du presentziarik. Wikipediak datu hobea eskaintzen du: 350.000 artikuluen muga gainditu da, eta euskara 29. tokian kokatu da.
Hala ere, fundazioko kideen ustez, euskarazko eduki kopuruak ez du ezertarako balio euskaraz kontsumitzeko ohitura indartzen ez den bitartean. Hala, euskararen bizitasun digitala bermatu nahi bada, «eskaintza eta eskaria, biak indartu» behar direla uste dute.