Fruta saltzailea da lanbidez Txema Rueda Ayuso (Zumarraga, 1969); aitak eta osabak duela 50 urte sortutako fruta salmenta negozioan egiten du lan. Goizez, azokaz azoka ibiltzen da, Ordizian, Tolosan, Urretxun, Zumarragan… Eta arratsaldez, erosketak, banaketak eta abar prestatzen jarduten du biltegian. Arratsaldeko lana amaitzean, entrenatzera joaten da Argixaora. Txema Rueda atleta federatua da, eta pistako probetan eta kros lasterketetan lehiatzen da, master 50 mailan. Aloña Mendi klubarekin dago federatuta, baina Argixaoko atleta herrikoien elkarteko kide da.
Zein da zure proba kuttuna?
Krosa asko gustatzen zait, lokatzetan korrika egitea; pistan, 5.000 metroko lasterketa.
Zaletasun bat.
Etxekoekin bidaiatzea. Groenlandian dugu begia jarrita orain.
Pelikula bat.
Pulp fiction.
Liburu bat.
Agatha Cristhie eta Stephen King-en irakurle amorratua izan naiz; misterioko liburuak gustatzen zaizkit.
Zein janari duzu gustukoen?
Denetik jaten dut, baina azken aldian Japoniako janaria gustatzen zait: sushia eta gyozak.
Edari bat.
Ardo beltza.
Inoiz egin dizuten oparirik onena.
Emazteak oparitu zidan Garmin erloju bat.
Zerk eragiten dizu irribarrea?
Jendearekin egoteak, bezeroekin, atletismo taldekoekin…
Oporretarako leku bat.
Oraindik ezagutzen ez dudana.
Goierriko txoko bat.
Antio.
Herriko alkate bazina…
Herriko merkataritza eta feria gehiago zainduko nituzke.
Zumarragan biziko ez bazina…
Donostian.