Asteburuan Beasainen, Lazkaon eta Ordizian, Berdintasunaren aldeko infantil mailako lehenengo lehiaketa jokatuko da Goierri Gorri taldeak antolatuta. Neskek soilik jokatuko duten lehiaketa bakarra da, edo bakarrenetakoa.
Emakumezkoen futbolean aurrerapauso nabarmenak ematen dira urtetik urtera. Goierrin ere, emakumezkoen berdintasunaren aldeko lanean ari da buru-belarri lanean Goierri Gorri futbol taldea 2016. urtetik.
Elkarlanaren emaitza da Goierri Gorri, eta futbolean ere, berdintasunaren gaian aurrera egiteko nahiak batu dituzte Beasain, Idiazabal, Lazkao eta Ordiziako klubak. Elkarrekin urrutirago leloa aldarrikatuz, mailaz maila, benjaminetatik Euskal Ligara arteko 13 talde eta 270 jokalarik osatzen dute Goierri Gorri familia. Beasain, Idiazabal, Lazkao eta Ordiziako kaleetako eta futbol zelaietako pasaia aldatu dute elastiko gorria harrotasunez janzten eta erakusten duten jokalariek.
Irantzu Aizpuru zenaren urteroko omenaldiarekin eta Loinatz Jaiekin bat eginez, berdintasunaren aldeko infantil nesken lehen futbol txapelketa antolatu du Goierri Gorrik. Era horretan, berdintasuneranzko bidean, beste urrats bat egingo du aurrera Goierri Gorrik: asteburuan, ekainaren 8an eta 9an, infantil mailako hemezortzi neska talde ariko dira nor baino nor. Goierri Gorrikoen esanetan, «osotasunean klubaren oinarria da berdintasuna, mutilek dituzten aukera berdinak neskei ere eskainiz. Txapelketaren izena aldarrikapen bat da zentzu horretan, oihartzuna emate aldera. Mutilen txapelketa asko daude inguruan eta ez dakit soilik neskenik badagoen. Hona hemen bat».
Berdintasuna, lehia, kirola eta festa uztartuko dituzte igandean Loinatz futbol zelaian jokatuko diren finaletan. Bertsolariekin batera, Realeko hainbat neska txapeldun izango dira sariak banatzen; besteak beste, Ane Etxezarreta beasaindarra.
Hemezortzi talde lehian Lazkaon, Ordizian eta Beasainen
Lazkaoko Harizti Haundi, Ordiziako Altamira eta Beasaingo Loinatz futbol zelaiak infantil mailako nesken topaleku bilakatuko dira. 8ko modalitatean jokatuko da, 7 jokalari eta atezaina. Bihar, ekainaren 8an, 10:30ean hasita, hiru zelaietan, 20 minutuko iraupena izango duten sailkatze partidak jokatuko dituzte, atsedenaldirik gabe. Lazkaon Añorga-Mulier, Eibar-Añorga A eta Tolosa-Goierri Gorri B ariko dira; Ordizian, Reala-Touring, Hernani-Intxaurdi eta Zarautz-Goierri Gorri A; eta Beasainen, Goierri Gorri-Lakua, Mariño-Urola eta Aurrera Vitoria-Zumaiako. Futbol zelai bakoitzetik bina talde sailkatuko dira finalerako. Finalak 10:00etan hasiko dira ekainaren 9an, Beasaingo Loinatzen. 30 minutuko partidak izango dira, 15 minutuko zati bana.