Andoni Salamerok, Edurne Salegi azpeitiarrarekin batera, hileta edo omenaldi sentituak egiten laguntzen du.
Nola sortu da egitasmo hau?
Oñatiko Elkar Hezi ikastetxean lan egiten nuenean halakoak lantzea nebilkien buruan. Omenaldiak modu espresibo, afektibo, estetiko, emozional… baten ikuspegitik. Hik Hasi aldizkarian Edurneren ekarpena irakurri nuen. Berak doluaren inguruan esaten zuena oso interesgarri iruditu zitzaidan eta berarekin harremanetan jarri nintzen. Gure solasen ondorioz, hasierako ideia bion artean mamitzen joan ginen. Gero, Iraurgi Berritzen garapen agentziaren laguntzarekin bideragarritasun plana egin genuen.
Zer eskaintzen duzue?
Agur omenaldiak egitea eskaintzen dugu. Momentu estu horietan familiakideek sentimenduak hitzez azaldu nahi dituzte, baina zaila egiten zaie. Hori dela eta, errituala antolatzeko zailtasunak izaten direnez, geu errituala antolatzeko prest eskaintzen gatzaizkie.
Garai batean hiletak bakarrik egiten ziren, baina geroz eta omenaldi gehiago antolatzen dira.
Jendea elizara babes ematera joaten da. Presentzia hori ezinbestekoa da, une horietan jendeak laguntza eta hurbiltasuna adierazi nahi baititu, baina guk senideei barruan sentitzen dutena beste era batera azaltzeko aukera eskaini nahi diegu. Familiako kideek beraiek beren sentimenduen espresioa adierazteko bide emanez, berori modu aktiboagoan eginez.
Halako egoeretan, sentitzen dena azaltzea oso garrantzitsua da.
Omenaldiotan senitartekoari sentitzen duen hori aditzera emateko egokiera ematen zaio, baina denek ezin izaten dute. Izan ere, une horietan guztion emozioak desberdin egoten dira. Hargatik, ekitaldi hauek, hil eta berehala ez egitea aholkatzen dugu. Izan ere, oso garrantzitsua da doluaren faseak errespetatzea. Ez da gauza bera haserre edo shock egoeran dagoenak agur esatea hil denari, edo dolu barruan pertsona horrek bizitzan aurrera egitea pentsatu duen unean maite duenari agur esatea.
Zergatik da garrantzitsua agur ekitaldi bat egitea?
Ume-umetatik gauza asko partekatu ditugu gure senitartekoekin eta maitasunaren bidez loturak sortu ditugu. Joandakoari agur esan behar diogu: gure barrua askatu behar dugu. Guk familiaren nahiak, hitzak, itxuratu, eta gidoia idatzitakoan, haiei igortzen diegu. Onespena ematen badigute, agur omenaldiaren eguna zehazten dugu.
«Hildakoen senideei sentitzen dutena azaltzeko aukera eskaini nahi diegu»
«Senitartekoek bihotza jartzen dute eta gu haien nahia itxuratzen saiatzen gara»
«Normaltasun handiagoz hitz egin beharko genuke heriotzari buruz»
«Elizako hiletetan ere geroz eta gehiago hitz egiten da hildakoari buruz»
Nolakoak izaten dira zuek antolatzen dituzuen ekitaldiak?
Oso inklusiboak. Jendearen parte hartzea bilatzen dugu. Ez da gauza bera tanatorio batean edo herriak ekitaldi zibiletarako izendatuak dituen tokietan egitea. Ezta 30entzat edo 150entzat egitea, Lazkaon egin genuen bezala. Legazpin azokan egiten dute, Zumarragan udaletxean, Legazpi dorretxean edo azokan, Urretxun udaletxeko portaloian…
Zeintzuk dira eman beharreko pausoak?
Familia udaletxera gerturatu behar da eta erabili nahi duen tokiaren eskaera egin behar du. Ondoren, gurekin harremanetan jarri behar dira. Beraiekin elkartzen garenean, zenbait eta jende gehiago egon, hobeto. Izan ere, bilera horiek balio terapeutikoa dute. Nahiz eta pena nagusi den, joan denaren oroitzapen politak ateratzen direnez, berauek ere partekatzen dira, eta konturatu gabe, jendeak hitz eginez barrua askatzen du. Horrek patxada ematen die askori. Ondoren, neuk etxean gidoia, bertsoa, olerkiak… prestatzen ditut. Edurne erritualaz, protokoloaz, arduratzen da gehiago. Familiakideen testigantzak biltzea oso garrantzitsua da. Haiek bihotza jartzen dute eta gu haien nahia itxuratzen ahalegintzen gara.
Zer diozu heriotzak eta doluak gure gizartean duten presentzia?
Edurnek eta biok atera dugun ondorioa heriotzaz oso gutxi hitz egiten dela da. Heriotzari buruz hitz egiten hasten garenean, berehala gaia aldatzen dugu. «Ai, zer egiten dugu heriotzari buruz hitz egiten? Aldatu gaiaz, mesedez!», da gure erreakzioa. Normaltasun handiagoz hitz egin beharko genuke heriotzari buruz, eta horrek heriotzari aurre egiten lagunduko liguke. Zergatik uste duzu antolatzen direla death cafe direlakoak? Hau ez da koinzidentzia edo moda. Benetako behar bat dago. Elizako hiletetan ere geroz eta gehiago hitz egiten da hildakoari buruz. Hildakoaren bizitzari buruzko aipamenak egiten dira. Sinistuna ez denak, ordea, gizakiaren aipamen sakonagoa nahi du, eta erritualak joan denarekin erabateko lotura izatea.
Zein jarrera eduki behar dugu gertuko baten heriotza pairatzen ari den batekin?
Pertsonei laguntza eman behar zaie. Enpatizatu egin behar da. Kontua ez da bere egoera ulertzen eta berarekin bat egiten duzula esatea. Hori lehenengo urratsa da. Laguntza ematea beste gauza bat da. Nire ustez, zure presentzia eta babesa adierazteaz gain, premiazkoa litzateke bestelako egunetan, doluan dagoenaz kezkatzea, benetan hurbiltasuna adieraztea, bere barruko egoera ulertuz eta nahi badu, bisita egitea, mendira gonbidatzea, egin behar izaten diren agiriak bideratzeko laguntza ematea. Hori da benetako laguntza.
Gizatasun gabezia handia ikusten al duzu?
Ez gara konturatzen gure herrian bertan egoera txar bat pairatzen ari diren ehunka lagun daudela. Ez dugu aztertzen jendea zergatik dagoen makur. Doluak berea du, eta emozio horiek kudeatzea ez da batere erraza. Familia eta lagun egokiak ez badituzu, erraza izan daiteke behera etortzea. Hargatik, oso garrantzitsua da egoera horretan dagoena egoki aditzea.
Zer da zuretzat heriotza?
Hitzik gabe uzten nauen ezer, baina hor dagoena. Hitz egin beharrekoa. Une tristea, baina gizakiok gertatuko zaigula dakigunez, onartzen ikasi behar duguna. Onarpen ezagatik, zabuka ibiltzen gara askotan. Gure arteko elkar hartzeak eta hurbiltasunak bidea errazago egiten laguntzen digu.