Badira 19 urte Ainhitze Gorospe Olazabalek (Itsasondo, 1970) haurtzaroko eta gaztaroko Ordizia utzi eta Altzagara bizitzera joan zela. Herri txiki horretan etxea erosteko aukeraren aurrean ez zuen zalantzarik izan eta bertan osatu du familia, senarra eta hiru seme-alabekin. Ez du bere burua kaletartzat, eta herri txikiak nahiago dituela nabarmendu du, «lasai-lasai bizitzeko aukera ematen dutelako». Lanbidez fisioterapeuta da, urteak daramatza Oñatin duen kontsultan, eta duela bi urte Ordizian ere hasi zen. Asko gustatzen zaio lan hori, batez ere jendearekiko harremana, «asko aportatzen duelako». Gainera, kirolzale amorratua da: korrika, saskibaloia, igeriketa egin ditu, baina batez ere mendiarekin lotutako guztia du gustuko, eskia eta eskalada esaterako. Azken aldian korrika dabil eta New Yorkeko maratoia prestatzen hasiko da laster.
Zaletasun bat.
Baratzea, eta naturari lotutako ekintzak orokorrean.
Pelikula bat.
Free solo, eskaladari buruzkoa.
Musika talde bat eta abesti bat.
The Killers, eta haien Human.
Liburu bat.
SOS Himalaya, helburu solidarioa duena.
Janari eta edari bana.
Onddoak eta sagardoa.
Zein da inoiz jaso duzun oparirik onena?
Nire hiru seme-alabak.
Amets bat?
Zoriontsu izatea.
Oporretarako leku bat.
Mendi leku bat, Suitzako Zermatt adibidez.
Goierriko txoko bat.
Bostaitzeta, Altzagan bertan; Txindoki, Aizkorri… dena ikusten da bertatik.
Herriko alkate bazina…
Herritar guztien arteko elkarbizitza landuko nuke.
Altzagan biziko ez bazina…
Araman adibidez… ez dakit, Goierriko edozein herri txikitan.