Elhuyarren eta Donostia International Physics Centerren zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburren lehiaketan sari bana lortu dituzte Ane Aranburu eta Unai Razkin ordiziarrek, eta Uxuri Urrate zumarragarrak.
Edozein jakintza hirugarren bati egoki iritsaraztea zientzia bat da, bere horretan. Hori modu ikusgarrian eta argi egiten jakitea, beste bat. Eta, zabaldu beharrekoa zientzia gaiak direnean, are gehiago. Iaiotasun aparta erakutsi dute hiru goierritarrek Elhuyar zientzia fundazioarek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolaturiko bideo motzen 9. On Zientzia lehiaketan.
Zientziari eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak ekoiztea eta hedatzea eskatu diete. Elhuyarrek ekoizten duen Teknopolis telebista-saioaren barrukoa da.
Sei saritik bi Goierrira
Lehiaketan sei sari banatu dituzte: hiru nagusi, bi aipamen berezi eta publikoaren saria. Bi sari Goierrira etorri dira.
Euskarazko bideo onenaren saria Ane Aranburu eta Unai Razkin ordiziar gazteek jaso dute. Emergentzia bideoa ondu dute bi ikasleek, eta 2.000 euroko saria eman diete.
Beste saria, Uxuri Urrate zumarragarrak lortu du, aipamen berezietako bat. Zu, Zientzia ikus-entzunezkoa egin du.
Saritutako lan guztiak Euskal Telebistako Teknopolis saioan eman dituzte, bai euskaraz, bai gaztelaniaz.
Dibulgazio bideo onenaren saria exoplanetei buruz fisikari eta ikertzaile madrildar bikote batek egindako lanak jaso du. On Zientzia bideo laburren lehiaketaren bederatzi urteko ibilbidean 500 bideo batu dituzte Elhuyarrek eta DIPCek. www.onzientzia.tv webgunean daude ikusgai.
Sari banaketa Donostian egin zuten, ekainaren 13an.