Teknologia berriek udalen hizkuntza politikan ez ezik, euskararen normalizazioan ere lagun dezakete. Hori da Elhuyar Fundazioak antolatuta, Donostian egin duten Hizkuntza-teknologiak Gipuzkoako udaletan jardunaldiko ondorio nagusia.
Juanjo Perez Elhuyarreko hizkuntza plangintzako arduradunaren ustez, arlo horretako aurrerapenei esker, «orain arte euskaraz ezinezkoa zena edo oinarrizko kalitate parametroetara heltzen ez zena, orain posible» da. Itziar Cortes Elhuyarreko itzulpengintza teknologien arduradunak ere, itzulpen automatikoko sistemek «sorkuntza elebiduna sustatzeko» balioko dutela dio, eta itzultzaileentzat «oso lagungarri» izan daitezkeela, nahiz eta arduraz erabili behar diren.
Igor Leturia Elhuyarreko hizketa teknologien arduradunak, sare neuronalei eta deep learning teknikei esker izandako «aurrerapauso handiak» nabarmendu ditu. Teknologia horien erabilpenen artean, osoko bilkuren aktak automatikoki jasotzea edota itzulpengintza automatikoa aipatu ditu.