Ziur nago Ordiziako azoka non egiten den galdetuko banizu erantzuten jakingo zenukeela, edota Goierri Eskola aipatuta, edo baita bertako Eroski non den adierazten asmatuko zenukeela, baina San Bartolome ermita aitatuko banizu, non den antzemango zenuke? Joan den astean, ermita horretan izan nintzen, berau ikusten eta Osbele Elkarteko (Ordiziako San Bartolome Ermitaren Lagunak Elkartea) kideekin, Inazio Etxeberria, Jose Manuel Aguado, Iñaki Beristain, Jorge Arrese, Xalba Cuadrado eta Pello Otegirekin mintzatzen.
Osbele elkartea duela urtebete inguru sortu zen, San Bartolome auzoko jendea elkartu eta ermita txukuntzeko lanak egiteko asmoz. Helburua erortzear zegoen baseliza itxuratzea zen, alegia, paretak konpontzea, barrua apaintzea, toki hari bestelako bizitasunik ematea. Elkarteko kideek esandakoa bete zuten, eta nola, jakina! Atonketa lanak bereak eta bi eman bazien ere, ez ziren horrekin soilik kontent geratu, eta Gure Iragana elkarteko David Cano eta Nerea Iraola historialariek iradokita, historikoki ermita zein mendetakoa izan zitekeen jakite lanari ekin zioten. Kontua zen datu fidagarriak lortzeko indusketa lanak egin behar zirela, eta hala jardun ziren historian eta arkeologian aditu direnekin, tarteko prozesuan guztiz inplikatua aritu den Iosu Etxezarraga Ortuondorekin.
Bitxia da, baina egin diren lehenengo indusketen ondorioz, San Bartolome ermitaren azpialdean egon daiteke garai bateko Ordiziaren lehen parrokia. Harrigarri gertatzen da halakorik entzutea 750. urteurrena betetzen aritu direnean ordiziarrak, eta ermita bera zaharragoa izan daitekeenean. Ziur nago Ordiziako historiarako ekarpen ederrik emango duela honek guztiak.
Gertakizun hauexen harira, hainbat gauza aipatu nahi nituzke: atsegin dut auzokideek auzolanean halako ekimenik aurrera eramatea, jende talde bat inguruaz, auzoaz, bertako ondare historikoaz arduratzea. Inoiz baino gehiago erreparatu behar dugu pertsona bakoitzak duen Herri balioaz, izan ere, afektiboki, emozionalki gizakiek sentitzen duten horrexen bidez bakarrik ahal dugu gizaki bakoitza den Herria konprenitzea. Erraza baita herritar deitura hartuz Herri deitzen dugun masa zabalean gure arazoak, kezkak eta bestelako bizikizunak eskuordetzea edo delegatzea, baina hori da akatsik handiena, horrek gure autonomia, erantzukizuna eta pentsaeran jarduteko nortasuna menosten du. Elkarte honetako kideekin hitz eginez ilusioa ikusi dut haiengan, elkarri laguntzeko borondatea, jakinmina, haien erroak zeintzuk diren aztertzeko kezka. Halakorik egiteko borondatea guztiok erakutsiko bagenu, beste kuku batek joko liguke, seguruenik.
«Ikerlana, jakinmina, elkarlana sustatzeko ilusioa duen pertsonari, Herri den pertsonari, bidea erraztu behar zaio»
Auzolanean ari diren Osbele elkarteko kide hauek badakite zertan jardun, bakoitzak bere talentua jartzen du elkartearen zerbitzura, ermitaz gehiago jakin nahi dute, haren historia arakatu. San Bartolomeko iraganeko baselizak Zumarragako San Kristobaleko ermitaren neurri bera izan zezakeela eta, berau ikusteko txangoa egin zuten Zumarragara. Jakinmina izan eta jakinmina asetu, ekin, jardun, izanez egiten dute bide. Argi dago ikerlana, jakinmina, elkarlana sustatzeko ilusioa duen pertsonari, Herri den pertsonari, bidea erraztu behar zaiola, erakundeek hori, beti, gogoan izan behar dute, neu, behintzat, horren iritzikoa naiz.
Gaineratu behar dizuet Osbele elkarteak duen sentiberatasunari jarraiki, ermitan bertan, Euskal Jaien egitarauaren barruan, irailaren 13an, 21:00ak aldera, ekitaldi berezi bat antolatu duela: Mixel Ducau eta biok jardungo gara Joxan Artze-ren olerkiak irakurtzen, eta Mikel Laboak Txomin Artolak Artzeren poemekin konposaturiko kantuak abesten. Aukera polita izan daiteke auzora gerturatzeko, Osbele Elkartea egiten ari den lanaz gozatzeko, eta elkarrekin une bildu, samur eta atsegina igarotzeko.
Ederra izango da sentiberatasunez , apaltasunez, eta isiltasun gozoz auzo honetan Herri izana errespetazen dakien jende andanarekin elkartzea. Han elkar ikusiko dugulakoan, ordura arte, adiskide!