Ekainean hil zen Joxe Mari Gorrotxategi Pikasarri gozogile tolosar ospetsua. Zegamako jatorria zeukan, aita-ama biak hangoak baitzituen. Aita Joxe Mari hasi zen gozogintzan, Matias aitonak Tolosan erositako lokalean.
Euskal Herriko bazterretara eta haren mugaz haraindikoetara iritsi zen Joxe Mari Gorrotxategi Pikasarri (Tolosa, 1929 – 2019) gozogilearen ospea. Ekainaren 11n hil zen. Gozoekin mami-azalak gozatzeaz gain, gozogintzaren hezurdura ere eraiki zuen, XX. mende luzean. Museoa eraiki zuen, lantegiaren osagarri, eta zaletasun amaigabez bildutako errezeta, historia, tresna eta euskal gozogintzaren sekretu andana bateratuta. Museoa ikustera joandako batean Joxe Migel Barandiaranek animatuta, liburua idatzi zuen jakintza harekin: Historia de la Confiteria Vasca (Euskal Gozogintzaren Historia).
Gorrotxategik jatorri zegamarra zeukan, bi gurasoen aldetik. Aitaren aldeko aitona, Matias Gorrotxategi, Etxeberribekoa baserrikoa zen, lanbidez artzaina. Trenbidearen etorrerarekin, karrilean hasi zen lanean. Kapataz izatera iritsi zen, eta geroago Tolosara destinatu zuten. Bizilekua han jarri zuten.
Aitarekin gozotegian
Aita, berriz, Joxe Mari Gorrotxategi Otaegi, Zegaman jaio zen 1899ko abenduan. Apaizgaitegia 18 urterekin utzi zuenean —Barandiaran ezagutu zuen han—, gozogile lanean hasi zen, Donostian eta Oñatin. Tolosan 1925ean jarri zuten bere gozotegia, Matias aitak Kale Nagusiko 2an erositako lokalean. 1928an Rafaela Pikasarri Alustiza zegamarrarekin ezkondu zen. Joxe Mari Gorrotxategi Pikasarri 14 urterekin hasi zen aitarekin konfiteritzan lanean. Donostian, Iruñean eta Miarritzen osatu zuen ofizioa.