Iazko Beasaingo Igartza auzoko jaietan egin zuen estreineko saioa auzokoa bertakoa den Pololo pailazoak –Ana Alonso– Takolo –Agustin Mujika– pailazo beteranoa lagun zuela. Ilusioarekin eta «printzipioz» auzoko jaietan bakarrik aritzeko sortu zen Takolo eta Pololo pailazo bikotea.
Esperientzia eta hasi berriaren ilusioa islatu ziren lehenengo ekitaldi hartan, eta Igartzako emanaldi hartatik urtebete pasatu denean, Facebooken orri propioa izateaz gain, urtean zehar emanaldi gehiago ere egin dituzte, Beasaingo Euskaraldiaren amaierako ekitaldian esate baterako.
Aurtengo Igartzako auzoko jaietan ere ez dute hutsik egingo: gaur, irailaren 6an, 18:30-ean saioaz gozatzeko aukera izango da Loinatz futbol zelaiaren ondoko aparkalekuan. Eskolara itzulera ikuskizuna prestatu dute artistek.
«Laguntxo» gehiago
Takolorekin eta Polorekin batera, Elena Madalena pailazoa ariko da gaurko saioan, bakoitzak euren rolarekin saioa osatuz: Takolo serioa eta zintzoa, sudur gorridun Pololo bihurria eta zirikitzailea, eta Elena Madalena serioa eta alaia. «Beasaingo haurrek dagoeneko ezagutzen dute Elena Madalena».
Ana Alonso Pololo-k aurreratu duenez, Elena Madalenaz gain, «beste bi pailazo laguntxo berri gehiago» ere azalduko dira: «Hori sorpresa da. Familia handitzen ari da. Auskalo zertan bukatuko den». Igartzako oholtza pailazoen harrobi lekua dela esan daiteke, beraz. Goierrin gero eta pailazo gehiago sortzen ari dira pixkanaka Igartzako auzoko festei esker. «Jendeari gustatzen zaio pailazoarena egitea», dio barrez beasaindarrak.
Entseguetan buru-belarri aritu dira uda guztian Goierriko pailazoak, eta irrikaz daude Igartzako oholtzara igo eta bertara hurbiltzen diren haurrekin, eta ez hain haurrekin, kontu, kantu, dantza eta jolasak elkarbanatzeko. «Aurtengo ikuskizun berrian, haurrek kantu guztietan egingo dute dantza, eta ez iaz bezala, azkenekoan bakarrik. Gozatu ahal izango duzue, ikuskizun ederra izango da eta! Igartzakoak asko-asko gustatzen zaizkigun festak dira».
Pailazo izateko ametsa betetzen ari da Pololo bere txikitako pailazo kuttunarekin, Takolorekin batera. Urte askoan antzerkingintzan arituagatik, bizitzen ari den esperientzia «oso polita eta desberdina» dela dio: «Oso ondo dago! Oso desberdina da, baina asko gustatu zait. Asko betetzen du. Energia asko behar da, baina oso gustura ibiltzen naiz».
Haurrek eta ez hain haurrek ere gustuko dituzte Takolo, Pololo eta konpainiaren pasadizoak, kantuak eta dantzak. Beste pailazo ezagun batzuekin gertatzen den bezala, saioen amaieran, txikienek argazkiak atera nahi izaten dituzte protagonistekin. «Lehenengo saioan oso barregarria izan zen: haurrak eta ez hain haurrak argazkiak ateratzeko ilaran egon ziren». Ikuskizuna «lehertuta» bukatzen badute ere, haurren irribarreak eta ilusioak asko balio duela ondo baino hobeto dakite pailazoek.
Igartza auzoko jaietako egitaraua
- 17:30. Danbatekoa eta buruhandiak.
- 18:30. Takolo, Pololo eta Elena Madalena pailazoak.
- 19:15. X. Ardo dastaketa.
- 23:00. Kontzertuak: Grasso, Eskean Kristo, Unidad Alavesa.
Irailak 7, larunbata
- 08:30. Dultzaina goiz eresia.
- 10:30. Haur eta gaztetxoen duatloietarako izen ematea.
- 11:00. Duatloiaren hasiera
- 12:15. Ginkana txirrinduarekin.
- 12:30. Igartzako dantzariak, Igartzan.
- 12:30. Poteoa txarangarekin.
- 16:00. 27. Mus txapelketa.
- 16:45. IX. Patata Tortilla lehiaketa.
- 18:00. Apar festa.
- 18:00. Umeentzako tailerrak.
- 18:00. Meza, erromeria ermitan.
- 18:30. Poteoa txarangarekin.
- 21:30. Afaria mozorroturik.
- 22:30. Kontzertuak Gaztetxean: 22:30ean Sharp Cut, Texemak, eta ondoren, Olariusen omenezko DJ herrikoia.
- 23:30. Karaokea eta DJ festa.
- 03:00. Kulero eta galtzontzilo lasterketa.
Irailak 8, igandea
- 11:00. Puzgarriak.
- 12:30. Trikipoteoa.
- 14:30. Paella herrikoia.
- 17:00. Txapel jaurtiketa.
- 17:30. Txingak.
- 18:30. Buruhandiak.
- 19:00. Iñaki Mujikaren eta Manolo Caminoren omenezko herri kirol jaialdia.
- 20:30. Triki poteoa.
- 21:30. Festen amaiera.