Aitor Calvillo
Denbora aurrera doala, baina lehengo lepotik burua, Axier! Are gehiago uda parte honetan, kazetari guztiek informazio orriak nola eta zerekin bete ustez ez dakitenean. Zorioneko futbola falta delako ote? Informazioak ere oporrak hartu dituelako? Informazio eragileek prentsa-oharrak idazteari utzi dietelako epe labur honetan? Urtero berdina gertatzen denaren sentsazioa daukat nik behintzat. Eta oporretan gaudenok, berriz, berriak jaso gosez. Eta beste behin konturatu naiz abuztuan egunkaria irakurtzea edota albistegi bat entzun eta ikustea oso monotonoa dela, eta gainbegiratu batean dena barneratuta.
Hori bai, orriak nola bete ez dakitenean edozeri eusteko gai dira, eta hona adibide bat. El Mundo Deportivo-n joaneko abuztuaren 29an irakurria: «La justicia investiga a la Plataforma Pro Seleccions Catalans». Gure ESAIT zenaren pareko erakundeak diru-laguntza publikoak jaso dituela eta badirudiela hori justifikatzeko nahi adina dokumentu ez dituela aurkeztu. Ia orri osoa eskaini dio, eta bitartean Futbol ligako talde gehienak Ogasunarekin zorretan (eta honi buruz hitzik ere ez). Espainiako Gobernuaren osaketa eza dela eta ere, egunero izan ditugu albistegietan horri begirako berri hutsalak. Eta alde honetatik egindako aldarrikapen gehienak lehenbailehen osa dadila berrestea izan da, nola bestela amaitu AHTarekin? En fin, Brexit-a eta demokraziaren gaia ere hor izango genuke baina…
Osakidetzan ere euskararen normalizazioari begira aurrerapausoak ematen ari direla ezin uka. Baina hemen ere lehengo lepo beretik burua. Hamaikagarren erreklamazio-orria betetzea tokatu zait oraingoan ere. Ez naiz ni medikuarenera askotan joaten naizen horietakoa, baina abuztuan hala tokatu zait. Ordiziako Osasun Zentroan nire mediku burua oporretan eta ordezkoa lanean. Sartu, diosala adeitsu euskaraz egin, azalpenak ematen hasi eta segituan altoa! «No entiendo!». Beste aukerarik ez zegoela konprobatu ostean eta belauna minez neukala jakinda, espainolez hitz egin, medikuaren aholkuak jaso, eta hala, erreklamazio-orria idaztera. Zer pentsatuko ote du medikuntza euskaraz ikasten aritu den edota ari den gazte batek? Euskara ez dakitenak baino sendagile txarragoak al gara gu? Zer pentsa ematen dit niri honek. Eskerrak futbol liga martxan dugula jada!
Axier Iriondo
Juan Carlos Espainiako errege emeritua hil egin da. Euskal Herria askotan hartu izan dute gaitzat eurenak estaltzeko eta, aurten ere, Estatuaren kazetariek ez dute oporrik hartu. Bestelakoetan, baina, irristadarik ere izan dute. Borbondarraren heriotza argitaratu zuten.
Legazpiko Artajorran aldizkariaren zurrumurruen atala gogorarazi dit. Hauxe zioen 2005eko ale batek: «Artajorranek jakin duenez legazpiar bat Juan Karlos Espainiako erregeren sasiko semea da».
Iturria eta zenbait datu zetozen jarraian, esaterako: «2003ko hauteskundeetan Iturgorri ezker abertzalearen plataformako zerrendetako kide izan zela» eta «Felipe printzea baino zaharragoa dela». Hegialden bizi omen da.