Santa Anastasia jaietako igandean Euskal Jaia ospatzen dute urretxuarrek. Eguneko ekintza nagusiena herriko kaleak zeharkatzen dituen karrozen desfilea izaten da. Aurtengoan Orain Presoak, 19 ta kitto, Eyak Jodiu, NEE, Burunba, 00RP, HDM eta LMM kuadrillek egindako zortzi karroza irtengo dira, eta beraiekin batera ibiliko dira Azpeitiko zanpantzarrak, Urretxuko eta Tolosako dultzaineroak, Euskal Herriko toki ezberdinetatik etorritako erraldoiak, Urretxu eta Zumarragako txistulariak, Lurra, Irrintzi eta Lizarra taldeetako dantzariak, hainbat herritatik etorriko trikitilariak eta Secundino Esnaola musika eskolako ikasleak. Denera 250 lagunek baino gehiagok osatuko dute kalejira.
Aurtengoan askotariko gaiak landu dituzte herriko gazteek. Besteak beste, elkartasuna ez dela delitua aldarrikatuko dute, itsasoen kutsaduraz arituko dira, nekazal kulturaz, hipokrisiaz, LGTBI mugimenduaren 50. urteurrenaren inguruan, edertasunaren kanonak, apaltasuna eta zoriontasuna… Pasa den urtean baino karroza bat gutxiagok desfilatuko du aurten. Halere, hiru kuadrilla berri batu dira festara.
Guztien arteko loturak estutzeko, goizean elkartuko dira Gernikako Arbola plazan. Bertan, 11:00etatik aurrera, eskualdeko artisauen erakusketa eta azoka postuak egongo dira, baita mokadutxoak dastatzeko aukera ere. Era berean, goiz guztian zehar ibiliko dira txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak, erraldoiak eta Bentazarreko mutiko alaiak kaleak alaitzen.
Gaua, luzea
Urtero legez, 23:30ean, euskararen aldeko kandela piztea egingo dute partaideek Gernikako Arbola plazan. Oskorriren Euskal Herrian euskaraz abesten dute denek batera, kandelen suaren argipean; jarraian, Bedaioko ingurutxoa dantzatuko dute. Guri 5! erromeriak borobilduko du eguna.
Baserritarrez janzteko deia egin du aurten ere udalak. Geroz eta jende gehiago janzten da baserritarrez Euskal Jai egunean, festarekin bat eginez eta giro handiagoa sortuz.