Bola munduan tokia egin du Naiara Peñagarikano Agirrek (Gabiria, 2000). Sari ugari irabazitakoa da, azkena herriko jaietan. Kuadrillako Mikel Mandiolak bultzatuta hasi zen bolatan 14 urte zituela, eta itxura ona hartu eta jarraitu egin zuen; aitaren osaba Joxe Alustiza punta-puntan ibili zela eta, bere trebezia «herentzia kontua» ote den esaten du. Gabiriako gazte hau Robotika modulo bat ikasten ari da Tolosan, etorkizunean enpresaren batean programazio lanetan jarduteko asmoz.
Asko entrenatzen al duzu?
Ostiraletan dugu hitzordua Gabiriako bolatokian, eta ni tarteka joaten naiz.
Sari asko irabazi al dituzu?
15 txapel ditut. Taldeka, bikoteka eta bakarka aritzen naiz. Dirua ere irabazten dugu; orain hasi dira gizonezkoen eta emakumezkoen sariak parekatzen.
Baduzu afizio gehiagorik?
Bizikletan ibiltzea, errepideko eta mendiko bana ditut.
Musika talde bat eta abesti bat.
McOnak eta Tabernako argiak.
Pelikula bat.
Loreak.
Liburu bat.
Ez dut irakurtzeko ohiturarik, egunkariak-eta bakarrik.
Janari eta edari bana.
Amak egindako kroketak eta sagardoa.
Oporretarako leku bat.
Asturias, mendi aldea.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Lehenengo bizikleta.
Amets bat.
Emakume gehiago animatzea bola munduan aritzera.
Goierriko txoko bat.
Mandubiko gaina.
Gabiriako alkate bazina…
Herri osoan dagoen harreman sanoa eta gertukoa mantentzen saiatuko nintzateke.
Gabirian biziko ez bazina…
Inguruko beste herri txikiren batean.