Legazpiko Kultur Etxean ikusgai dago gaur arte ‘Ekintza errazak, etekin ikusgarria, Amalurra zaindu’ erakusketa. Urola errekaren egoera da argazki eta artelan bildumaren ardatza. Udalerriko Berdeak koalizioak ondu du.
Erreka bizitzaren metafora da. Ibaiek daramaten ura ez da sekula ur berbera eta urak bidean hamaika traba aurkitzen ditu. Harriak edo bihurguneak jartzen dizkio naturak urari, eta gizakiak, sarriegi, hondakinak. Urola ibaiaren egoeraz kontzientziak eragiteko Ekintza errazak, etekin ikusgarria, Amalurra zaindu erakusketa ondu dute Legazpiko Berdeak-Independenteak koalizioko kideek.
Gaur arte kultur etxeko erakusketa aretoan ikusgai dagoen bilduman argazkiak eta artelanak daude. Argazkiak Gorka Gomez eta Asier Imaz argazkilari legazpiarrek egindakoak dira. Errekan sartzeko jantziak soinean, kamerak eskuetan, Brinkola auzotik Legazpiko mugaraino ibili ziren biak errekan dauden hondakinei argazkiak ateratzen. Argazki horietan guztietan aurrez ezin imajina daitezkeen hondakin motak ikusten dira, hasi plastikozko botiletatik eta lapikoetaraino. Argazki bakoitzari markoa jarri diote antolatzaileek, eta marko bakoitza ezberdina da, berrerabilitakoak baitira.
Artelanak Anjel Jimenezek egin ditu. Donostiarra bera, hondartzan jasotako hondakinak erabili ditu koadro figuratiboak osatzeko. Hala, zaborrekin irudikatutako arrainak plastikozko amuzkia jatera doana ikus daiteke, adibidez.
Legazpiko Berdeak-Independenteak koalizioko bozeramaile Alberto Bezunarteak erakusketaren helburuen berri eman du: «Ibaia nola dagoen erakutsi nahi dugu, kontzientzia sortzeko eta herritarrak aktibatzeko». Bezunartea kide den koalizioak 2018ko urrian Urola errekaren gaineko mozioa aurkeztu zuen Legazpiko udalbatzan. Mozioak aurrera egin zuen, «udal gobernuari mozioa onartu genuela eta han jasotakoa martxan jartzeko eskatu nahi diogu erakusketaren bitartez», nabarmendu du Bezunarteak.
Erreka Egunaz gain
Errekaren egoeraren gaineko kezka betidanik izan dutela erantsi du: «Konturatu ginen Urola oso zikin zegoela, eta legeak zer zioen ikusi ondoren, udala hondakinak jasotzera behartuta dagoela jakin genuen». Mozioak jasotzen duenaren arabera, 2016ko apirilean Legazpiko Udalak eta Uraren Euskal Agentziak Lankidetza Protokoloa sinatu zuten, non udalak bere gain hartu zituen udalerriko ubide eta ur-bazterretan egin beharreko jardunak planifikatzea.
Mozioan, halaber, Legazpiko errekasto eta erreketatik hiri-hondakin solidoak kentzea eta urte osoan haien garbitasuna nahiz kontserbazioa bermatzeko neurriak jasotzen dira. Batik bat, Erreka Egunean ez ezik, urte osoan zehar, udalak ibaiak ongi mantendu, garbitu eta kontserbatzeko behar diren baliabideak jarri behar dituela. Kontzientziazio kanpainak egitearen beharra ere jaso zuen mozioak.
Bezunarteak dio errekak «kaleak garbitzen diren bezala» garbitu behar direla: «Mozioa aurkeztu ondoren erakusketa prestatzeko lehenengo urratsak eman genituen. Urola erreka nola dagoen eta udal gobernuari urratsak eman ditzala eskatzeko».
Erakusketa ibiltaria izango da. «Gure taldeak ordezkaritza duen udalerrietara eramango dugu: Azkoitia, Eibar, Tolosa, Zumarraga, Donostia… Izan ere, Urola errekarako balio duenak beste ibaietarako balio du. Horrez gain, Urolak berak ukitzen dituen beste udalerrietara eraman nahi genuke, Legazpin bakarrik aritzeak ezer gutxirako balioko baitu beste herrietan ezer egiten ez bada».
Urola errekaren bueltan oraintsu Urola ibaia dokumentala aurkeztu berri dute Javier Arenasek eta Luis Jauregik Urola Kostan. Dokumentala Legazpin emango dute irailaren 26an. Erreka Eguna, bestetik, hilaren 28an egingo dute.
Urola 59 kilometroko luzera duen ibaia da. Aizkorriren magalean sortzen da, eta Zumaian egiten du bat itsasoarekin. Hondakinen eta isurtzeen ondorioz, hainbat belaunalditako bizilagunek hamaika koloretan ezagutu dute. Kutsadurarik gabeko garaian nolakoa zen gogoratzeko iturburura jo beste erremediorik ez dago, oraindik ere.
600 kilo hondakin
Urola errekaren Legazpiko tartean azken urteetan Erreka Egunean bildu duten zaborraren batez bestekoa, Legazpiko Berdeak-Independenteak emandako datuen arabera.