Axier Iriondo
Iritsi da Gipuzkoako bertsolari txapelketa gure ingurura. Ordizian izan zen larunbatean, eta, Zumaian, igandean. Zer moduz Ordiziako saioan? Sartu aurretik, urrutira ikusi zintudan, baina, udaltzainekin sesioan ari zinela eta, ez nintzen gehiegi gerturatzera ausartu.
Saio bikaina iruditu zitzaidan. Anek azken ariketara artekoa bikain moldatu zuen. Pena kartzelako irristadatxoa. Agian, horregatik ez zen lehenengo gelditu, baina, bigarren postuak ere meritua badu saioko bertsolariak ikusita. Hala ere, saioaren bukaeran, Ainhoaren eta Manexen artean ikusten nuen lehenengo postua. Harritu nintzen hirugarren eta laugarren jarri zituztenean. Izan ere, askotan ezberdina izaten da inpresio orokorra eta bertsoak, banan-banan puntuatuta, ateratzen den emaitza. Poztu ninduen Asierren saioak. Dudarik gabe, ondo merezitako saria lortu zuen. Aitorrek eta Beñatek ere aurrean behar zutela iruditzen zitzaidan, baina, bakoitzarentzat postu bakarra izan. Nolanahi ere, elkarrekin egokitu zitzaienean saio antologikoa egin zuten.
Aitor, mesedez, GoiBerri-ra bidali aurretik, aipatu ditudan postuak aldatu edo idatzi postu bakoitzari dagokion izena. Udaltzainaren tontakeriatxoa nahi baduzu kendu, baina oso sinesgarria iruditu zait. Erdaraz ari zinetela jartzekotan egon naiz, baina atzera egin dut azkenean. Ea, hurrengoan, saioa gertatu eta gero idaztea niri dagokidan.
Aitor Calvillo
Bete betean asmatu duk, Axier! Hasteko belarriak garbitu! Ni Ordiziako udaltzain batekin erdaraz? Ez dizkiegu alperrik eman euskara hobetzeko ikastaroak urte hauetan guztietan! Eta gainera, Arkautetik bidali dizkiguten azken erremesa hauetakoek, euskalki guztiak kontrolatzen dituzte. Beraz, esandakoa, belarriak garbitu!
Eta ikusmena, Axier? Jada ez al dituk bereizten gizonezkoa zein emakumezkoa? Beñat ala Ane? Ainhoa eta Manex elkarrekin? Okulista onak ditugu ba Osakidetzan! Eta GoiBerri-ra bidali aurretik aldaketak nik egiteko eskatu? Gor eta itsu izateaz gain, alper hutsa? Zuzendaritzakoekin hitz egin beharrean nago eta akaso bat eta bateko bikotea aldatzeko eskatu. Irakurleek arrazoia emango didatelakoan nago. Baina hori hurrengo batean ikusi behar.
Bitartean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak aurrera egingo du eta momentuz ziur dakigun bakarra Gorka, Beñat, Beñat eta Haritz hor izango ditugula Apala eta enparauekin batera. Eta momentuz areto guztiak beteta izan ditugula, eta goierritarrek hor dirautela tinko, eta… hurrengoan gehiago!