Euskal esamoldeak berreskuratu eta gazteen artean bultzatzeko asmoz, Labayru Fundazioak #botaba erronka sortu zuen. Dagoeneko hirugarren edizioa du lehiaketa horrek, eta kanpaina berezia egin dute, gazteak parte hartzera animatzeko. Bertan parte hartu dute, enbaxadore moduan, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktore goierritarrek, Iban Garcia youtuber-arekin batera.
Lehiaketaren euskarria, instagram sare soziala izango da. Azaroaren 4tik 25era egingo dute, baina aurretik, «beroketa fasea» deitu dutena hasiko da urrian. Tarte horretan, erronkak, asmakizunak, enbaxadoreen zuzenekoak eta zozketak egingo dituzte. Lehiaketaren irabazleentzat sari potoloa prestatu dute, Europa osoan bidaiatzeko lau Interrail txartel.
Antolatzaileen arabera, gazteen artean euskararen erabilera sustatzea da lehiaketaren helburu nagusia, «gazte jendeak egunerokotasunean hizkuntza modu naturalean erabiltzea», alegia.