Bizitzan zehar, une eder askoak bizitzen ditugu, une kutunak, gogoangarriak, gure memoriak, maitasunaren bitartez, oroitzen jarraitzen dituen bizipen sakonak. Bizikizun hauen artean, bati baino gehiago galdetuko balitzaio zein izan den bere bizitzan bizi izan duen une politenetakoa, ziurdanik, erantzunen artean, bere haur baten jaiotza izan dela erantzungo luke.
Ez da harritzekoa halakorik adieraztea, haur jaio berriak, edozein pertsonarengan, zirrara handia sortzen baitu, izan ere, erne bagaude eta bizitzari irekiak, gizakiok ohartzen gara aurrez aurre dugun haurraren samurtasunetik asko ikas dezakegula, samurki jokatzea, azken finean, harrera eta arreta egokia eskaintzea baita, unean uneko errealitatean garena erakutsiz, umeak horren polito egiten dakien bezala.
Bizidunak izanik, biziaren eragile izateko jaioak garenez, betetasunetik bizi behar dugu une bakoitza, emandako pausoek egiazko zentzua har dezaten, batez ere egiazki bizitakoa, sentitutakoa, maitatutakoa haragitzeko. Garbi dago, horrelako bizipen samurrak gure memorian eder baino ederrago itsasteko, maitasunak berak, bakarrik, ahal duela hori egitea, bestela nola oroitu halako pasadizo amultsu eta maitakorrak?
Zein eder den amaren sabeletik munduaren sabelera igaro den haurrak, bere inguruan, guraso arretatsu eta maitaberak topatzea, mentura horretan haurra bera erdigune eta ardura izanik, elkar laguntzeko pronto daudenak. Jardute bikain horretan haurrek eta gurasoek gogoz elkar elikatzeaz gain, gehiago elkar ezagutzen dute, eta hala, gurasoek emandako samurtasun eta beratasunetik haurra barruz osasuntsu heziz joaten da, eta gurasoak erne badaude, haurraren naturaltasunetik itzelezko irakasbidea jasotzen dute: unoro, izatea, pentsamenduetan galduak eta zabarturik ez egoteko irakaspen sakona.
«Haurrak egoki heziz zuon arreta eta denbora eskaintzen ari zareten gurasoei eskerrak eman nahi dizkizuet, argi dago zuon haurrek bihotz betez eskertzen dutela haiengandik egindako guztia»
Eder den bezala honetaz guztiaz ohartzea, ederragoa gertatzen da guraso berri egin diren bikoteek haurraren inguruko azalpenak ematen dizkizutenean –nola hazten ari den, txikiaren inguruko pasadizoak, gogoko duena…–, horiek bizitzak egindako opariak dira, eta gainera, bikoteek haien zorionaren berri emanez, haientzat ahaztezina den bizipen baten lekuko egiten zaituzte, zinez, ohoragarri den une hori haiekin partekatuz.
Eta eginkizun horretan sare zabal eta luzea maitasunaren hari finez ehotzen joaten den antzera, zer esango dugu aiton-amonez, biloben zainketan dabiltzanean haien bihotz eskuzabalak ez du neurririk! Jardute horretan aitona-amonak dabiltzanean, zein miresten ditudan aiton-amonen eguneroko martxa ere errespetatzen dakiten seme-alabak, elkar hartze ona izateaz gain, haien espazioak, arnas hartzeko tarteak ere aintzakotzat hartzen dituztenean, hori zentzuz jokatzea da, alegia, guztiek bat eginez, baina kide bakoitza demasik ez estutuz.
Benetazko gurasoek taldeari so egiten diote, taldearen benetakotasuna zaintzen ahaleginduz, tentuz, samurtasunez konpromiso zuzen, zintzoa eta zuhurra bere betera eramanez, eta hala, kide bakoitzari zor zaion mira eta errespetua izateaz gain, laguntza, hurbiltasuna eta ezinbestekoa den maitasuna, unoro, elkarri ematen diote, hain zuzen, familiakideen artean, bat bestea baino hoberik ez dagoelako, gauza guztien gainetik gizakia eta kide bakoitzaren berezitasuna aintzat hartzen dutelako.
Hargatik, lerro hauen bidez, haurrak egoki heziz zuon arreta eta denbora eskaintzen ari zareten gurasoei eskerrak eman nahi dizkizuet, argi dago zuon haurrek bihotz betez eskertzen dutela haiengandik egindako guztia, eta bidenabar, baita geuk ere, izan ere, haien poza maitasunetik jasotzen dutela jakinez, pozgarri eta maitagarri den dinamika eragiten duzuelako herrian, bai horixe!
Bidenabar, bai zuri, ama, urriaren 13an joan zineneko urtea betetzean, eta zuri, aita, urriaren 21ean joan zineneko 18.urtea gogoratzean, besarkada handia eman nahi dizuet, guraso on izateaz gain, eredu bikain izateagatik. Jakizue zuon izenek eta izanek Ane, Karmele, Jabier, Ketxus, Joseba, Aratz eta familiako ahaide, lagun, ezagun eta herritar askoren bihotzetan bizirik jarraitzen dutela. Zuoi, bihotz betez, eskerrik asko!