Euskal Herriko mendi duatloi txapelketa Arriarango mendi duatloiak erabaki zuen pasa den urriaren 8an; Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko laugarren proba puntuagarria ere bazen. 25 urtez azpiko kategorian, Mikel Zabalegi (Ordizia, 1994) izan zen irabazlea.
Arriarango Mendi Duatloian Euskal Herriko txapeldun izan zinen.
Bai hala da! Egia esan helburu hori ez zegoen nire buruan, baina hala gertatu da.
Zein probatan parte hartu duzu?
Goierrin egin diren hiruretan. Igartzakoa izan zen lehena. Sekula izan dudan txakalaldirik handiena izan nuen egun hartan. Zegamakoan oso gustura sentitu nintzen, uste baino hobeto. San Adrianera bizikletan igo, Aizkorri igo eta jetsi korrika eta azkeneko tartea berriro ere bizikletan. Asko disfrutatu nuen. Seigarren postua lortua nuen. Eta Arriarangoan, lehen postua lortu nuen.
Txapela lortzea espero zenuen?
Banekien nortzuk lehiatuko ginen eta lehen postuetan sartzea espero nuen. Maila oso onean lehiatzen ari diren asko falta ziren.
Noiz hasi zinen horrelako probetan parte hartzen?
Duela bi urte inguru. Kirola orokorrean oso gustuko dut, eta lokatz artean bada gehiago. Mendiko kirolak dira gustukoen ditudanak.
Mendi bizikletan, BTT probetan ere aritutakoa zara. Orain duatloiekin jarraituko duzu?
Honek gauzak ez ditu aldatuko. Kirola egiten jarraituko dut, modalitate jakin batean zentratu gabe. Denetarik egitea gustatzen zait, nahiz eta etorkizunean, G2H eta antzeko mendi lasterketetan parte hartzea den nire asmoa. Baina horretarako orain baino serioago hartu beharko dut. Momentuz, proba laburragoak ditut buruan, teknikoki ere hobe moldatzen naizelako horrelakoetan.
Zein izango da hurrengo erronka?
Esan bezala, kirolari dagokionez serio jarri nahiko nuke baina oposaketak prestatzen ari naizenez, horrek itxaron egin beharko du, beraz une honetan, kirola aisialdi eran izan beharko du.
Oposaketak prestatzen esan duzu.
Bai, suhiltzaile izateko, eta nire burua oraintxe hortan dago.
Proba gogorrak gainditu beharko dituzu beraz.
Kamioia gidatu ahal izateko baimena ateratzen ari naiz. Teoriari dagokion atalak ematen dit errespetu gehien. Hori gaindituta, proba fisikoak egin beharko ditut eta hor denetariko probak dira gainditu beharrekoak: korrika, igerian, sokan gora igo eta bizkarrean pisua hartuta zirkuito bat egitea, besteak beste.
Nolatan aukeratu duzu bide hori?
Lagun bat hasi zen suhiltzaile izateko prestatzen eta hark kontatutakoak entzun ondoren, baloratu eta bide hori hartzea erabaki nuen nik ere. Orain, oposaketak noiz diren publiko egin bitartean, pixkana ari naiz prestatzen.