Datorren urriaren 31n Gau Beltza ospatuko da Euskal Herrian. Festa hori indartzeko asmoarekin, Sareko Baratze Parkeetan kalabaza haziak banatu zituzten, eta orain, kalabazarik handiena saritzeko lehiaketa antolatu dute.
Urriaren 31aren bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira Europan. Euskal Herrian ere kontakizunak, kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenekoak, ez dira Amerikatik datorren Halloween ospatzeko modaren ondorio. Dena den, egia da, azken urteetan gaueko festa horren zentzua edo norabidea galdu dela Euskal Herrian, AEBtatik datorren marea horren indarrak eraginda.
Aintzinakoak kontutan hartuta, Gau Beltza ospatuko da, berreskurapena baino, ospakizunaren berrinterpretazioa edo birsortzea izaten ari dena. Ekimen horrek pixkana-pixkana bere tokia har dezan, landaketarako kalabaza haziak banatu zituzten udaberrian Sareko Baratze Parkeetan, eta orain, kalabaza handiena lortu duen parkea saritzeko ordua iritsi da.
Lehiaketaren baldintzak
Lehiaketan parte hartzeko, Baratze Parke Sareko erabiltzaileek landatua izan behar da kalabaza, sareko baratzeetako batean. Kalabazaren bi argazki bidali beharko dituzte partaideek baratzeparkea@ekogunea.eus helbidera urriaren 25a baino lehen. Argazkietako batean, kalabaza lurrean bakarrik agertuko da. Bestean, lehiakideek besoetan dutela, metro batekin neurriak ikusteko moduko argazkia izan beharko du, eta dagokion Baratze Parkean ateratakoa. Irabazlearen izena urriaren 31n jakinaraziko dute Kutxa Ekoguneko webgunean.