Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak ekin dio ikasturte berriari, eta hirugarren urtez jarraian, Hezkuntza Programa ere martxan dute dagoeneko. 2017an Eusko Jaurlaritzarekin elkarlan hitzarmena sinatu zuten, eta urtez urte ekimena «pixkanaka sendotzen» ari dela diote elkarteko kideek.
Aurreneko urtea «proiektua martxan» jarri eta «oinarriak finkatzeko» erabili zuten, eta bigarrenean «proiektuari bultzada garrantzitsu bat» eman diotela azaldu dute. Bi urtetan, ikasleekin egindako elkarlanak 1.900 artikuluko zerrenda emankorra osatzea ekarri du. Gainera, artikulu horiek hobetze aldera, unibertsitateekin lankidetza eta norbanako erabiltzaileen parte-hartzea bultzatzeko hainbat egitasmo ere jarri dituzte martxan.
Horri guztiari esker, nazioarteko hizkuntza ezberdinetan dauden 302 wikipedietatik 29. postuan kokatu da euskarazkoa. Txikipedia umeentzako entziklopedia digitalak ere 2.000 sarreratik gora ditu.