Legazpin alderantzizko fenomeno bat gertatu da. Maiatzeko Santikutz jai nagusietan txosnarik ez zela egongo zabaldu zen, eta hura izan zen gazte talde baten pizgarria. Antolatu, ireki eta saretzeko aukera eman die txosnak.
Ez da ohiko bidea. Ohikoena da aurrez antolatutako gazte taldeek edo bestelako elkarteek txosnak irekitzea jaietan. Legazpin bidea alderantziz egin dute. Txosnarik ez zela egongo, eta hutsunea betetzeko antolatu zen gazte talde bat. Aurreko maiatzeko udalerriko jai nagusietan gertatu zen, santikutzetan. Orduz geroztik, San Inazio jaietan eta Agorreko Santikutzetan ez da txosnarik falta izan.
Are, txosnaren antolaketa ipar sortutako mugimenduak bestelako oihartzunak sortu ditu Legazpiko gazteengan eta orain gogoeta prozesu batean ari dira gazte asanbladaren barruan, besteak beste, txosna taldearen rola zein izango den argitzeko. Hala, txosna jartzeko ideia hark txosnaz gain beste fruituren bat ematen ari da.
Aritz Markotegi gazte legazpiarrak, 19 urte ditu, kontatu du txosna jartzeko ideiaren sorrera: «Kuadrilla batek mezu bat zabaldu zuen jaietan txosna jartzeko, baina ekimenak ez zuen aurrera egin. Matrakak eta Subeltzak irekitzeko asmoa zuten arren, azkenean ez zutela txosnarik jarriko jakin nuen eta zerbait egiteko beharra sentitu nuen». Txosna jartzeko eskaera egiteko epea ixtear zegoela gertatzen ari zen Markotegik kontatutakoa, aurreko Santikutz jaien atarian.
Pilota Eskolako Unai Olaizolari eskatu zion txosna eskaera eskolaren izenarekin egiteko baimena, hark baiezkoa eman zion. Behin eskaera eginda lehenengo bilera egin zuten, «kuadrillako lau neska eta ni». Logistika aztertu zuten eta zero euroko aurrekontuarekin aurrera egin zuten: «Pilota Eskolak diru-bermeak jarri zituen».
Jarraian egin zuten bilera deialdirik zabalena eta «arrakasta» izan zela dio, «50 bat gazte bildu ginen». Autogestionatua, giro euskalduna nagusitzea eta gazteek gazteentzat eraikitako espazio bat izatea nahi zuten. Eta izan zen. Egitaraua eta lantaldeak antolatu zituzten eta balorazio ona egin zuten txosna itxi ostean: «Jarritako helburuak betetzeaz gain, beste helburu bat ere bete genuen: Legazpiko gazteak saretzea». Saretze lan horretan ari dira orain Legazpiko Gazte Asanbladaren barruan.