Aratz-Aizkorriko XXI. Gazta Lehiaketa eta salmenta, Zegamako baserrietako ganadu erakusketa-lehiaketa, eta txakolin eta babarrun dastatzeak izango dira.
Duela hamabost egun Zaldibian egin zen Aralarko gazta lehiaketa, eta orain, Zegaman, Aratz-Aizkorrikoa egingo da San Martin feriaren barruan. 26 dira Aratz-Aizkorri Parke Naturalean Idiazabal Gazta eta Artzai Gazta ekoizten duten artzainak. Iaz 18 aurkeztu ziren lehiaketara.
Larreako (Araba) Patxi Lopez de Uraldek lortu zuen lehenengo postua iaz (227 puntu). Bigarren, Aizpea gaztandegia (Olaberria-Segura) geratu zen(217p), eta hirugarren Galarretako (Araba) Azkarra gaztandegia (209,5p). Aurkeztutako gazta guztiak jendearen artean banatu zituzten.
Herriko ganaduzaleen eta herritarren artean, ordea, ikusmina sortzen duena Zegamako baserrietako ganaduaren erakusketa-lehiaketa da. Pilotalekutik Urgainberri auzora bitarteko eremuan egoten da ikusgai herriko aziendaren lagin ikusgarria, eta bazkalaurrean, gaztarenarekin batera, ematen dituzte sariak, 11 sailetan banatuta. Hauek dira iazko lehiaketan saritutako herritarrak: Mari Paz Oiarbide (Ardiak); Joxe Migel Azurmendi (Bildotsak); June Lasa (Ahuntzak eta Antxumeak); Jose Inazio Labaka (Pirinear behiak); Andres Zabaleta (Behi mestizoak); Juan Azurmendi (Behi suitzarrak); Andres Zabaleta (Zezenak); Joxe Mari Azurmendi (Zaldiak); Jabier Arrondo (Etxe behorrak); eta Joxe Domingo Ariztimuño (Mendi behorrak).
Feria girotzeko ekitaldi sorta oparoa
San Martin feriaren ospakizuna egun bakarrera mugatu ordez, Zegamako Udalak eta Anduetza parketxeak festa aurrea girotzeko programazio anitza antolatu dute azken urteetan. Aurten, asteartetik igandera egingo dira ekitaldiak: ikus-entzunezkoa, ikerketa aurkezpenak, hitzaldiak, kontzertua, feria eta magia saioa izango dira.
Lerro hauek argia ikusterako horietako hiru paseak izango dira. Asteartean, Jose Mari Artolak Herri inguruan kontu kontari III ikus-entzunezkoa proiektatu zuen, eta asteazkenean, Alfredo Morazak, Jexux Tapiak eta Manu Zeberiok Iraganera bidaia: San Adrian-Leizarrate ikerketaren aurkezpena egin zuten, Xabier Azurmendi IV. Ikerketa Bekaren barnean. Bi saiook Jabier Otaegi kultur etxean izan ziren.
San Pedroko hilarria
Hirugarrena Anduetza parketxean izan zen atzo. Luis Mari Zaldua Etxabe onomastikari eta Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioko zuzendariak San Pedro ermitako erromatar garaiko hilarria gaiatzat hartuta hitzaldia egin zuen.
Zalduak hilarri horren testuinguruaren eta ezaugarri nagusien berri eman zuen. Hilarri horrek ermitako aldarearen oinean ezarrita dagoen hareharrizko lauza batean inskripzio bat du grabatuta. Testuan, bost lerrotan idatzirik hauek daude: hilaren izena (Lanicius, Laticius, Laricius edo izan liteke L.annicivs ere); jatorria eta hiltzean zituen urteak (berrogei); eta azkenean hileta hitz batzuk: H(ic) e(st) edo H(ic) i(acet).
Testuaren gainean hiru arku daude, sinbolikoki Hades edo hilen bizilekuko ateak adierazten dituztenak. Ikerleen arabera, I. mendeko azken urteetakoa edo II. mendekoa da inskripzioa, eta Arabako inskripzioekin lotura dauka.
Olatz Salvador, elizan
Gaur, hilak 8, feria bezpera egunez, Olatz Salvador musikari donostiarrak Zintzilik izeneko bakarkako lehen luzea aurkeztuko dute San Martin elizan, 19:30ean, Zur eta Lur programazioaren barruan. Sarrerak aldez aurretik eros daitezke 8 euroan udaletxean edo Anduetza parketxean. Kontzertua hasi aurretik ere salgai jarriko dituzte eliz atarian, 10 euroan.
Egitaraua
Azaroak 8, ostirala:
- 19:30: Olatz Salvadorren kontzertua San Martin elizan.
Azaroak 9, larunbata:
- 09:00-12:00: Herriko abereen erakusketa eta lehiaketa, pilotalekutik Urgainberri auzora bitarteko eremuan.
- 09:00-14:00: Aizkorri-Aratz parke naturaleko gazten salmenta, pilotalekuan.
- 09:00-14:00: Artisau produktuen azoka, Aitxuri herri eskolako patioan, pilotalekuan eta plazan.
- 10:00: Herriko txistularien kalejira.
- 11:00-13:00: Aizkorri-Aratz parke naturaleko XXI. Gazta lehiaketa, pilotalekuan.
- 11:00: Eusko Labeldun Tolosako Babarrunaren dastatzea, Aitxuri herri eskolako patioan.
- 13:30: Herritarren arteko abere lehiaketako eta Aizkorri-Aratz parke naturaleko XXI. Gazta lehiaketako sari banaketak.
- Ondoren: Lehiaketara aurkeztutako gazten dastatzea herriko elkarte gastronomikoen laguntzarekin.
- 13:00-15:00: Txakolin dastatzea Tartaloetxe elkartean.
- 17:30: Buruhandiak plazan.
- 18:00: Herritarren arteko eskuz binakako XXI. San Martin pilota txapelketako finalak.
Azaroak 10, igandea:
- 17:00: Asier Kidan magoaren Aroak eta mirariak ikuskizuna, Aitxuri herri eskolako patioan.
- Ondoren: Txokolate beroa banatuko da, Aizkorri Guraso Elkar-teak antolatuta.