Axier Iriondo
Zaldi Eroaren adina, Frantzisko Aita Santua, erromatar zenbakiak, Queen musika taldea, Camila Cabelloren jaioterria, Eureka! Zientzia Museoa non den, Ekain koba mapan kokatzea, zatikietan handiena adieraztea, borobil kopuruak eta Anboto mendiaren metroak. Egunean Behin jokoan, pasa den astean, erantzundako zenbait galdera hor. Guztiak ez nituen asmatu. Lotsa pixka bat sortzen dit huts egindakoren batek, asmatutakoren batek adina, gutxienez.
Asmatu dutenak Codesyntaxekoak dira. Hogeita bost milatik gora gara parte hartzaileak eta ez gara gutxi izango, igandetik astelehenerako lehenengo segundoetan partida jokatu dugunak, sailkapenaren lehen izenetan geurea ikusteko ondra hondartxoa lortzeko.
Piztu nuen, behin, ETB2, eta lehiaketa batean Patxi Alonso aurkezlea ari zen, Isabel Pantojari buruz galdetzen. Piztu nuen bigarren aldiz, eta Iñaki Urrutia, Belen Estebanez. Piztu nuen hirugarren aldian, Tele5aren logoa zeukan Ion Aramendik kopetan tatuatuta.
Gaur egun ETB1en ez da lehiaketarik, bikainak iruditu zaizkidanak izan dituzten arren. Nire proposamena ETB1entzat edo Hamaikarentzat: kontrata ditzatela Codesyntaxekoak. Bikainak dira. Ni, agian, animatuko nintzateke programara joaten. Orain badakit Zaldi Eroak zenbat urte dituen. Elkarrekin joango gara, Aitor?
Aitor Calvillo
Gonbidapena onartuta, Axier! Ez gara Codesyntaxekoak-en parekoak izango baina gustura parte hartuko nuke zurekin horrelako zuzeneko lehiaketarik balego aipatu euskarazko telebista horietan. Eskarmenturik ez litzaiguke faltako, gainera. Ni, behintzat lehendik ere horrelakoekin ibilitakoa bainaiz (Gezurra nagusi, a ze garaiak haiek!). Eta izan direnetan baita zintzoki jarraitu ere: Kalejira, Mihiluze, Txiskola… Badakit mahai jolasa ere laguna dut eta zinez, euskal kultura, tradizio, lexiko, ohitura eta abarrez benetan janzteko erreminta oso baliagarria da. Euskararen normalizazio bidean ezinbestekoak guztiak ere.
Baina egiari zor, esan beharrean nago Egunean Behin jokoaren berri izan arren, orain artean ez dudala parte hartu. Tira, parte hartu bai, ikasle bat buru-belarri sartuta baitzegoen astelehenetik iganderako joko horrekin, eta lantzean behin laguntzeko eskatu eta nire aletxoa ipintzen saiatzen nintzen eta. Baina orain, zu ere bazabiltzala jakinda, ezinbestean hasi beharko dut sakelakoari tiraka. Ea asteren batean bion izenak top ten zerrendan ikusteko moduan garen.
Eta bai, Axier, ni ere jabetuta nengoen ETB2-ko lehiaketetan Espainia aldeko kulturari (eta geografiari, historiari, pertsonaiei…) begirako galdera gehiago egiten dizkietela lehiakideei aurkezleek. Baina honekin batera jabetu naiz ere, erantzuterako orduan aise errazago zuzen erantzuteko gai direla partaideak honelako galderei eta ez ingurukoari buruz galdetutakoei baino. Eta gu ere ez al ginateke multzo horretan sartuko?
Hortxe hausnarketarako bidea!