Irratian, telebistan, eszenatokian… Aurpegi ezaguna bihurtzen ari da Iker Gutierrez (Lazkao, 1992). Radio Euskadin hasi zen, eta hor lotsa galarazita, orain aurkezle lanetan dabil Goiena Telebistan, umeekin abestuz eta dantzatuz.
Idaztea bakarrik falta zaizu ezta?
Abesti batzuk konposatzen ditut batzuetan baina ez da gustuko dudan gauza bat, beste modu batetara espresatzea gustatzen zait, interpretatzen adibidez.
Aipatutako arlo guztietatik non moldatzen zara erosoen?
Musikan zalantzarik gabe, abeslari bezala. Txikitatik bertan ibili naizenez, oso ohitua nago, bai jendaurrean ibiltzera bai abestera. Mikrofono aurrean nagoenean aske sentitzen naiz.
Gorka Lizasoren Sin Mala Intencion taldean kolaboratzen duzu.
Bertan gitarra jotzen dut eta oso esperientzia ona izaten ari da. Bigarren diskoa kaleratuko dugu urtarrilean, Cuando llueve demasiado izenarekin. Alaitz eta Maider taldeko Maiderrekin kolaborazio bat dugu bertan. Irrikitan nago kontzertuekin hasteko.
Donostiako Buskers festibalean parte hartu duzu orain.
Bai, ezin naiz geldirik egon. Aurten bigarren edizioa izan da. Donostiko taberna batzuk beraien terrazak prestatzen dituzte kontzertu txikiak eskaintzeko. Azaroaren 15ean final barruan nagoen edo ez esango didate. Baiezkoa bada, Donostiako Gabonetako azokan joko dut. pasatu nuen.
ETBko Bagoaz saioko esperientzia nolakoa izan zen?
Kasualitatez sartu nintzen. Mutil bila ari ziren eta kastinera joateko deitu zidaten. Oso berezia izan da. Azkenaurreko saiora arte iraun nuen, eta beraz, oso gustura nago nire buruarekin, ez nuen espero horrenbeste irautea. Irratiarekin batera, lotsa kentzeko gauzarik aproposena izan da.
Errepikatuko zenuke?
Ba ez dakit errepikatuko nukeen… Lan eta prestaketa asko eskatzen du, oso sakrifikatua da. Abesti asko landu behar dituzu exigentzia maila altu bat eskaintzeko. Une honetan beste gauza batzuetan nabil eta ez daukat lanketa horrek behar duen denbora hori.
Aurkezle lanetan hasi zara orain Goiena telebistan.
Bai, musikarekin lotuta jarraitzen duen saio batean. Umeekin abestu eta dantzatu egiten dugu bertan. Gustura nago, baina irratiak duen xarma galtzen du telebistak, dena artifizialagoa da. Zuzeneko faltsu asko dago eta irratiak zuen naturaltasuna askotan faltan ematen dut. Lehiaketa programa bat aurkeztea gustatuko litzaidake.
Etorkizunean zer?
Etorkizunean ez dakit, une honetan, Goiena Telebistan jarraitu eta kontzertuak prestatzen hasi. Azaroaren 15ean, Movember mugimendua dela eta, Beasainen joko dut Sin Mala Intencion taldearekin. 4 kanta izango dira, horietatik 2 disko berrikoak.