Iñaki Mezquita Aranburu argazkigile naturalistak ondutako ‘Bizi ezkutua. Goierriko kronika ikusezina’ da Lemniskata Kaierak bildumako hirugarren liburuxka. Lan hori zabalduko dute orain hitzaldi eta erakusketen bidez.
Lemniskata Goierri Zientzia Sare Herrikoiak prest du dagoeneko Azaroa Zientziaroa zikloaren programazioa. Datozen lau ostiraletan, gaurkoa barne, zientziaren arlo ezberdinekin lotura duten lau hitzaldi izango dira Beasaingo Igartzako jauregian. Horien artean dago Iñaki Mezquita Aranburu argazkigile naturalistak azaroaren 15ean emango duena: Bizi ezkutua: Goierriko kronika ikusezina. Saio guztiak 19:00etan dira.
Alegiarraren zeregina ziklo honetan ez da mugatuko ordea hitzaldi horretara. Egun berean izen bereko erakusketa zabalduko dute, eta Mezquitak egingo ditu gidari lanak. Eta ez da hor bukatzen kontua. Izenburu berarekin segiz, horixe izango da Lemniskata Kaierak bildumaren hirugarren liburuxka.
Bi urteko lanaren emaitza
Irakasle jubilatua da alegiarra (60 urte), eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea. Ia lau hamarkada daramatza bizidun txiki horiei argazkiak ateratzen. Lehen urteetan tximelekin aritu zen eta azken hamalau urteetan odonatuekin (burruntzi eta sorgin-orratzak). Bost liburu eta artikulu ugari idatzia da, eta nazio nahiz nazioarteko argitalpen askotan kolaboratu ez ezik, intsektu horien ezagutza eta kontserbaziorako egin diren kongresu eta ekimenetan ere parte hartu izan du.
«Lemniskatakoak nirekin harremanetan jarri zirenean esan zidaten ez zutela lan espezifikorik nahi. Ni tximeleta eta burruntziekin aritu naiz batez ere, eta bi urteko epea eskatu nien materiala prestatzeko. Argazki gehienak azken bi urteetakoak dira». Beste baldintza bat ere jarri zioten Lemniskatakoek, argazkiak Goierrin eginak izatea. «Gehienak hala dira, eta ez direnen kasuan, jakin badakit intsektu horiek Goierrin ere badaudela», zehaztu du.
Eta emaitza esku artean dute dagoeneko. Azalpen laburreko 106 orrialdeko liburuxka, sei atal nagusitan banatua (Ezkutatuta, Ikusgarriak, Adi, Lehia, Ugaltzen eta Eta gizakiarekin?) eta argazki oinez lagundutako 124 irudiz hornitua. Argazki horiek guztiak erakusketako 16 roll-up-etan ikusteko aukera ere izango da datozen asteetan. Makro objektiboa erabili du argazkiak ateratzeko.
Goitik beherako begirada
Bizidun txiki horiei argazkiak «edonon eta edozein momentutan» egin dakizkiekeela dio Mezquitak. «Kontua da begiak bizkor edukitzea, saiatzea, eta begiratzea. Horregatik jarri diot bizi ezkutua izena. Askotan ez dugulako ikusten, baina egon badaudelako. Presaka bizi gara, eta tartean dagoenari ez diogu erreparatzen».
Urteen poderioz «begia jarri» egiten dela onartu du, baita begiratua ere. «Ni naiz pertsona bat gehiago begiratzen duena beheraka goraka baino». Inguratze lana, kamuflatze arropa eta esperientzia dira halako irudiak lortzeko sekretua.
Lemniskata kaierak bildumako 3. argitalpena da Bizi ezkutua. Goierriko kronika ikusezina liburuxka. Iñaki Mezquita egileak hitzaldia egingo du Beasainen, eta Lemniskata elkarteak, oraingoz, hiru herritara eramango du erakusketa.
- Azaroak 15. Iñaki Mezquitaren hitzaldia, Beasaingo Igartzako jauregian. 19:00.
- Azaroaren 15etik 24ra. Erakusketa Igartzako jauregian.
- Azaroaren 25etik abenduaren 5era. Erakusketa Ordiziako Barrena kultur etxean.
- Abenduaren 9tik 20ra. Lazkaoko kultur etxean.