Goierri Valley-k Mubizing Goierriko Mugikortasun eta Energia Kongresua antolatu du azaro bukaerarako. Enpresen arteko loturak eta berrikuntza sendotzea, eta bi sektore horietara talentua erakartzea ditu helburu nagusi.
Goierri Valley elkarteak beste urrats bat egin du bailarara elkarlana eta berrikuntza sustatzeko bidean. Azaroaren 28 eta 29an, Beasaingo Igartzako jauregia bilgune hartuta, Mubizing Goierriko Mugikortasun eta Energia Kongresua egingo du. Biltzar horretan mugikortasun eta energia sektoreetan elkarteko enpresek eskaintzen dituzten «soluzio berritzaileenak» erakutsiko dituzte. Kongresuak bi gune izango ditu: erakusketa gunea eta jardunaldien gunea.
Elkarteko enpresen arteko lotura eta berrikuntza sustatzeko, eta mugikortasun eta energia sektoreak «bikaintasunerantz» abiaraziko dituen talentua erakartzeko antolatu du topagunea Goierri Valley-k .
Bi eguneko programa
Bi sektore horietako errealitate eta joerak ezagutzea, negozio eredu berrien inguruan hausnartzea, lan merkatuaren aukerak ezagutzea, eta elkarteko enpresen eta start-up-en eskaintza ezagutzea dira biltza honen helburuetako lau.
Programa bi egunetan banatuta dago. Lehenean, CAFek eta Irizar Taldeak mugikortasunaren inguruko jardunaldia egingo dute goizez, eta arratsaldez energia sektorearen etorkizunaz ariko dira beste bederatzi enpresa.
Bigarren egunari Talent Day (Talentuaren eguna) izendapena eman diote. In Group, Hine Group, Goierri Eskola, Ikolan Lanaldi, Eun Group eta GH Cranes & Components enpresek talentuaren egongo egoeraz eta etorkizuneko joerez ariko dira. Bi egun horietan 19 enpresak jarriko dute erakusketa.