Bidaiatzea oso gustuko du Miren Naldaiz lazkaotar gazteak. Bestalde boluntariotza lanak betidanik erakarri dio. Biak uztartu eta iragan ekainean, Nepalera joan zen kooperante Lazkaoko Udaleko diru laguntza baliatuz. Pokhara hirian izan zen hilabetez. Bazterketa egoeran dauden haurrekin egin zuen lan. Lanaz aparte, herrialde hori ezagutzeko ere baliatu zuen bidaia.
Nolatan kooperante?
Boluntariotzak erakarrita egin nuen, eta duela bi urte, Lazkaoko Udalak dirulaguntzak ematen zituela jakin nuen. Une hartan lanean negoen eta momentu egokia iritsi zenean, gehiago pentsatu gabe egin nuen.
Zergatik Nepal?
Betidanik erakarri nauen herrialdea da, eta ezagutzeko gogoa nuen. Han lanean ari diren erakundeen informazioa bilatzen, Aniko Sansar Ko Sati-ren berri izan nuen. Pokharan jarduten dute, Nepalgo bigarren herri handienean, eta arrazoi desberdinengatik gizartetik at gelditzeko arriskuan dauden haurrei laguntzen diete; 60 inguru neska-mutil daude. Arduradunak, txikitan egoera zail xamarra bizi izan zuen bere familian, eta horregatik, beste haur batzuei laguntzeko bidea hartu du. Erakundeak haur haientzako etxe bat dauka. Etxean egin beharreko lanak egin eta haurrekin egotea zen nire lana.
Aurretik horrelako esperientziarik izan al duzu sekula?
Lehenengo aldia izan da, eta oso aberasgarria gainera. Hilabete izan nintzen eta edonori gomendatuko nioke. Asko ikasten da. Beste herrialde batzuetan nola bizi diren, aurrera nola ateratzen diren, zein arazo dituzten. Ikuspegi berri bat izateko oso baliagarriak dira horrelakoak. Esperientzia oso intentsoa izan da.
Zerk eman zizun atentzioa gehien?
Bizitzeko modua erabat desberdina dela eta haien bizitzeko filosofia batez ere.
Nola jaso zintuzten?
Oso atseginak izan ziren nirekin, eta han izan naizen bitartean interes handia jarri zuten nigan. Hala gertatu ohi da kanpotik iristen direnekin. Galdera asko egiten dituzte. Nola bizi garen jakin nahi dute.
Harremana mantentzen al duzu han ezagututakoekin?
Erakundeko arduradunarekin bai. Gauzak nola doazen kontatzen dit.
Herrialdea pixka bat ezagutzeko ere baliatu duzu bidaia?
Bai noski! Zoragarria da. Hango paisaia erraz ahazten ez den horietakoa da, hango natura, hango mendiak.
Bueltatzeko asmorik bai?
Hori nahiko nuke. Dena den oraintxe beste helburu batzuk ditut. Komunikazioaren arloarekin lotura duten ikasketak ditut eta hortik jo nahi dut orain.
Eta biak bat egitea, kooperazioa eta komunikazioa?
Bai, ikaragarri gustatuko litzaidake.