Egunean behin sartu eta hamar galdera erantzun. Hori bezain sinplea da Egunean behin sakelako telefonoetarako aplikazioaren funzionamendua. Duela urtebete sortu zuen CodeSyntax etxeak, eta espero ez bezalako arrakasta lortu du hilabete gutxian. Datuak oso esanguratsuak dira: jokoak 45.000 erabiltzailetik gora izan zituen pasa den astean, 14.500 talde daude sortuta, eta bi milioi partida baino gehiago jokatu dira.
Euskaraz, eta euskal kultura eta aktualitatearen inguruan jolasteko tribial motako joko bat sortu zuten. Hasieratik harrera ona izan zuen aplikazio berriak, eta uda aurretik, 10.000 erabiltzaile inguru izatera iritsi ziren. Bigarren denboraldian etorri da iraultza, ordea. Hamaika astean datuak laukoiztu egin baitituzte.
Jokoak izan duen arrakastaren gakoetako bat, taldeetan dagoela uste du Josu Azpillaga CodeSyntaxeko ingeniariak, galderak erantzun ondoren, sailkapen orokorraz gain, norbere taldeen sailkapena ere kontsultatu eta ingurukoekin alderatzeko aukera ematen baitu aplikazioak. «Jendeari berdin dio sailkapen nagusian 7.000. postuan geratzen bada, baina lagunak baino partida hobea egin duzula ikusteak motibatzen laguntzen du».
Zuzeneko saioa, bihar
Jokoak bertsio digitalean izan duen harrera ona ikusita, zuzeneko saioa antolatzea erabaki dute. Bihar izango da, Azpeitiako Sanagustin kulturgunean. Irailetik hona lehen 10 postuetan gelditutako jokalariak gonbidatu dituzte; guztira, 150 lagun daude gonbidatuta.
14.500 Talde sortu dira.
Egunean Behin jokoak duen arrakastaren gakoetako bat, taldeak dira. Orain arte 14.500 talde ezberdin sortu dira, eta joan den astean, 45.000 erabiltzaileren muga gainditu zuen jolasak, hiru hilabetean erabiltzaile kopurua laukoiztuz.