Zazpi dira Goierrin Urtezahar egunez jokatzen diren San Silbestre probak. Denetan entzutetsu eta beteranoena Beasaingoa da, 46. edizioa du. 12:00etan da, eta 9.750 metroko distantzia du. Historiaz Ordiziakoa da bigarrena, baita guztietan jendetsuena ere. 800 laguneko muga du, eta 6.325 metroko ibilbidea. Aurten ordu erdiz atzeratuko dituzte probak. Umeenak 17:30ean hasiko dira, eta helduena 18:30ean da. Legorretan ere egiten dute –37. edizioa–, baina herritarrentzat da soilik. 12:00etan da, eta 3,2 kilometroko ibilbidea. Lazkaon 8. edizioa dute, 5,2 kilometroko proba da. Gazteak 11:30ean abiatzen dira, helduak 12:30ean. Zegaman ere zortzigarren aldia dute. Arratsaldez jokatzen da (17:30), Lazkaoko distantzia berarekin. Urretxu-Zumarragako proba mistoa da. 16:30ean abiatzen da, eta 5 kilometroko ibilbidea du. Bosgarren edizioa du aurtengoa. Legazpikoa da denetan berriena –2. edizioa–, eta bakarka edo bikote mistoka har daiteke parte. 17:00etan abiatzen da, eta 4,9 kilometro egin behar dira korrika.