Jokin Telleria beasaindarraren (Ataun, 1956) bizitza margolaritzari lotuta egon da beti. 11 urte zituenean hasi zen lehenengo marrazkiak margotzen, eta 12 urte zituenean irabazi zuen lehenengo marrazki lehiaketa Ordizian. Lanean hasi zenean, Zumarragako Vaquerizarengana joan zen pinturaren sekretuak ikastera. 40 urte zituenean langabezian geratu, eta Xunai denda ireki zuen. Margo irakaslea ere bada Beasaingo Bear pintura elkartean. Sari ugari jasoa da eta 50 erakusketa baino gehiago egin ditu. Oraintsu berriz, 63 urte betetzear zenean, Euskal Telebistako Arimaren margolariak lehiaketa irabazi du. Euskal Herri osoan famatu egin da Jokin Telleria; autograforen bat edo beste sinatu du dagoeneko.
Zer eman dizu ‘Arimaren margolariak’ lehiaketak.
Programa oso ondo etorri zait, begiak ireki dizkidalako. Eskolaren jardunaren ondorioz egonkortzen ari nintzen. Niretzako klasikoa da erakutsi behar dena, eta gero bakoitzak egingo du nahi duena. Baina klasiko hori erakutsi behar horrekin, neroni ere pixka bat leku itxi batean geratuta nagoela iruditzen zait. Eta alde horretatik oso ondo etorri zait kanpoan margotzea, gauza desberdinak margotzea eta ikuspegi desberdinak izatea.
Jokin Telleria berri bat sortu al da?
Jokin berri bat ez dakit, baina jende gaztearekin ibiltzeak eta beraien ikuspegiak hain gertutik ezagutzeak, lagundu egin dit, ikasi egin dut, beste mundu bat ireki dit.
Lehiaketan denetarik margotu behar izan duzu.
Ez genuen jakiten nora joan behar genuen grabatzera eta zer margotu behar genuen. Gogorragoa da bat-batean gaia esanda margotzea. Baina horrek behartzen zaitu daukazun guztian sakontzera, buruari buelta asko ematera, ahalik eta txukunena ateratzeko.
Finaleko egunean, Arantzazuko kriptara sartu zinenean blokeatuta geratu zinen, baina Koldobika Jauregi coachak esan zuenez, lehiaketako koadrorik onena margotu zenuen.
Ikaragarrizkoa zen. Hala esan zidan bai. Itxuraz nire genio txar hori atera nuen. Koadro hura abiadura handian margotu nuen. Zerbaitek lagundu zidan [irribarrez], pertsona misteriotsu horrek. Eta bigarren koadroan ere espiritu santuak lagundu zidan. Euria hasi zuen eta barrura joan behar izan genuen. Kanpoan pintura ez zen lehortzen, hezetasun handia zegoen eta. Barruan beste goxotasun bat zegoen eta berehala lehortu zen.
Beatriz Gonzalezekin iritsi zinen finaleraino.
Oso artista ona da. Esperientzia pixka bat falta zaio, teknika, baina burua oso argia dauka, ideia oso onak ditu. Ez baldin bada okertzen, bere izena gehiagotan ere entzungo dugu.
«Ez genuen jakiten nora joan behar ginen grabatzera eta zer margotu behar genuen»
«Lehiaketan parte hartutakook erakusketa irekiko dugu urtarrilaren 11n Beasainen»
Lehiaketan 15 koadro margotu zenituzten guztira; bakarren bat ere puskatu zenuen.
Beraiek saiatzen ziren blokeatzen, eta Tolosan blokeatu nintzen. Bozetoak egiten ohituta nago, baina ez zitzaidan ateratzen, ez nintzen batera gustura aritu. Nire buruarekin haserretu egin nintzen. Erretratua gustatzen zaidan gaia da, baina erretratu bat egiteko modeloa 3-4 metrora egon behar da eta Idoia eta ni oso urruti jarri gintuzten. Nire buruarekin haserre nengoen, eta koadroa puskatu egin nuen.
Dena den, koadroa puskatzeak berak badauka esanahia.
Margolari batek egiten duen guztia ez da markoan jartzekoa. Denak ez duela balioren adibidea izan zen.
Besteak beste, pintura gehiago ulertzeko balio izan du lehiaketak. Jende gehiago animatuko da orain margotzera?
Ezagun batek esan dit berak ez duela margotzen, baina programan ematen zituzten azalpenekin zerbait ulertu duela. Hurrengo batean koadro bat ikusten duenean beste ikuspegi bat izango du. Nik uste dut hortik joan behar zuela gehiago programak, baina reallytitik gehiago izan du.
Lehiakideen artean giro ona sumatzen zen.
Oso gustura ibili gara. Lehiakideekin eta coachekin oso ondo moldatu gara. Arimaren margolariak lehiaketan parte hartutakook erakusketa irekiko dugu urtarrilaren 11n, Beasaingo Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan. Euskal mitologia gaia jarri dugu koadroak egiteko. Akelarre bat ari naiz margotzen.
Goierriko Artisten Topaketara ez duzu orain arte ohikoa izaten zenuen paisaia margorik eraman.
Momentu horretan ez nuen sentitzen paisaiarik margotu behar nuenik. Paisaiak margotzen jarraituko dut. Goierriko Artisten Topaketara dantzari bat eraman dut, oso koloretsua; desberdina.
Kapela lagun izan duzu lehiaketan.
Margotzerakoan ia beti janzten dut txapelen bat, eguzkitik eta euri zipriztinetatik babesteko. Lehenengo saioan kapelarekin joan nintzenez, zuzendariak esan zidan kapela ibiltzeko beti. Kasualitatez, egun txarra eduki nuenean, Tolosan, ez neukan kapelik.
Alabak, bilobak eta pintura eskolakoek arrazoi zuten programara joateko animatu zintuztenean.
Margo lehiaketa bat egin behar zutela esanez deitu zidaten. Zoriondu egin nituen, futbola eta sukaldaritza baino gauza gehiago badaudelako. Pentsatzeko esan zidaten, baina ezezkoa esateko deitu nien. Etxera joan nintzenean alabari eta bilobari esan nien, eta bilobak esan zidan joan beharra neukala; alabak ere hala esan zidan. Pintura eskolan ere esan nuen, eta beraietakoren bat joateko animatu nahi nuen, baina beraiek ere esan zidaten nik joan behar nuela. Deitu nuen eta castingera joan nintzen.
Beasaindarrak harro daude. Ikusi besterik ez dago herriko plazatik dendara bitarteko tartean zenbat jendek zoriondu zaituen.
Jende askok ikusi du saioa, Goierri osoko jendeak zoriondu nau. Nik pentsatzen nuena baino jende gehiagok ikusi du. Hori bai, ikasleak haserre dauzkat, ez nielako esan irabazi nuenik; momentu batean Beak irabaziko zuela sinestuta zeuden.
Lanean jarraitzeko indarra emango dizu bizi izan duzun esperientzia berri horrek.
Lehenbailehen kotizatzetik jubilatzea gustatuko litzaidake, baina margo mundutik ez dut jubilatu nahi.
Bizitza osoa daramazu marrazkien artean.
Gure destinoa idatzita dagoela esaten zidan lankide batek, eta niri gertatutakoa ikusita, azkenean arrazoia eduki behar duela pentsatzen dut. Orain Arimaren Margolariak saioarekin bezala, 11 urterekin ere oso gauza kuriosoa gertatu zen.
Zer gertatu zen?
11 urte nituen udan Zerainera joan nintzen lehengusuen baserrira, laguntzera. Kartapazio bat eta koaderno bat eraman nituen. Ez dakit zergatik, baina horixe bakarrik eraman nuen. Bazkalondoren lo kuluxka bat egiteko ohitura zegoen. Igande batean bisitan, andre-gizon batzuk joan ziren, Tolosakoak ziren. Gizonak margotu egiten zuen eta gizona margotzera joan zen bazkalondorenean. Nik lanak neuzkan egiteko, eta lanak bukatu orduko, berehala joan nintzen nola margotzen zuen ikustera. Pintatzen aritu zen denbora guztian, bere atzean egon nintzen.
Zure siesta garaiak bukatu al ziren?
Hurrengo egunean, siestara joan beharrean, margotzera joan nintzen; nire siesta garaiak bukatu ziren, siesta garaian Zeraingo baserriak margotzen nituen. 12 urterekin irabazi nuen lehenengo lehiaketa.