Go!azen 6.0 ETB1eko telesailean dabil Xabi Rodriguez (Idiazabal, 1995) aktore lanetan. Azaroan estreinatu zen denboraldi berria eta Aimarren rola jokatzen du bertan gazte idiazabaldarrak. Haren lehenengo lana da telebistan: «Agentzia batean izena eman nuen eta deitu egin zidaten».
Pelikula batean parte hartzeko proposamena egin zioten lehenengo: «Ilea tindatu eta moztu behar nuela esan zidaten, eta azkenean animatu nintzen, baina zuzendariaren aurrean interpretatu nuen eta ez ninduten aukeratu». Orduan Go!azenen parte hartzeko aukera sortu zen: «Bi kasting egin nituen, eta azkenean hartu ninduten; pozgarria izan zen, ez nuelako espero, ezustekoa izan zen benetan».
Goazen telesail musikala denez, antzeztu ez ezik, dantzatu eta abestu egin behar izan du Rodriguezek: «Abestea gustatzen zait eta, egia esan, uste baino hobeto moldatu naiz, baina ordura arte dantzan ia ibili gabekoa nintzen, eta hori da gainditu beharreko ikasgaia». Dantzatu beharreko koreografia erakusten zieten grabatu baino lehen Miramonen, baina guztia bereganatzeko denbora asko ez zuten izaten aktoreek: «Nik uste nuen egun batetik bestera erakutsiko zigutela, baina 20 minutu lehenagoko gauza izaten zen».
Xabi eta Aimar, antzeko
Udan grabatu zituzten orain ematen ari diren kapituluak, gaztez osatuta baitago lantaldea: «Gutako asko ikasketekin dabiltzanez, uda da denak elkartu ahal izateko momentua». Mundu guztiarekin ondo konpontzen den mutila da Aimar: «Nik uste antzekotasun handia dugula pertsonaiak eta nik neuk». Gertutasun hori lagungarri izan dela azaldu du Rodriguezek: «Oso ongi etorri zait antzekotasun hori, erosoago sentitzeko, baina hasieran nahiago nuen, erronka modura, nire izaeratik urrunago zegoen pertsonaia bat».
«Euskara batuak organikotasuna galtzen duela pentsa dezake sektore batek»
«Antzezteak taldean lan egitera behartzen zaitu; enpatia landu behar da»
Durangoko Azokan izan zen Goazeneko lankideekin diskoak eta liburuak sinatzen: «Bi egun egotea tokatu zitzaidan eta nabaritu nuen jendearen harrera ona». Orain irakasle lanetan dabil: «Gaztelera eta euskara klaseak ematen nabil, baina oraindik ez dut nire espezialitatean lanik egin». Historia ikasketak egindakoa baita Rodriguez.
Garaiko gaien lanketa
Gizartean eragin zuzena dute kultur produktuek munduaren ikuspegia garatzeko: «Go!azenek oihartzun handia du, eta aurten kultur aniztasuna, homofobia edo arrazakeria bezalako gaiak landu nahi izan dira. Eredu modura balio badezake jendeari erakusteko nola izan beharko lukeen eta nola ez, ondo».
Euskarazko zinemagintzak eta telebistak izan ditzakeen trabez, Rodriguezek dio baduela gainditzeko muga bat, hizkuntzaren erabilerarekin zerikusia duena: «Ulertzen dut euskara batua denok ulertzeko beharrezkoa dela, baina aldi berean organikotasun hori galtzen duela pentsa dezake sektore batek». Go!azen grabatzerakoan, naturaltasun hori bilatzeko proposamenak egin zitzaketen aktoreek, baina inprobisaziorako ia tokirik ez dago telesailean: «Natural ateratzen ez zaizun esaldiren bat badago, gidoiko langileari esan diezaiokezu moldatzeko, baina beti abisatuta».
Ikasteko plaza egokia
Aktore lanetan jarraitzea gustatuko litzaiokeen arren, argi du traba asko pasa beharko lituzkeela: «Dena polita dela dirudi, baina ogibide gogorra da; denetik entzun behar izaten duzu, zuzendariak gogorrak dira zurekin, badakizu noiz sartzen zaren lanera baina ez noiz bukatuko den… Kontziente naiz zaila dela». Horrez gain, egonkortasuna lortzea ez da betere erraza: «Ez da iraunkorra, ezin duzu bizitza osorako lanposturik aurkitu, momentuko proiektuak baizik». Halere, asko ikasteko balio izan diola azaldu du; konfiantza lantzeko lagungarri egin zaio antzeztea: «Ni oso lotsatia naiz, eta erronkak gustatzen zaizkidanez, antzeztea erabaki nuen». Handiagoa zuen gogoa beldurra baino: «Gehiago zen gustatzen zitzaidana, barruan eragiten zidan oztopoa baino».
Lantaldean aritzen ikasteko ere balio izan dio telesailak: «Antzezteak taldean lan egitera behartzen zaitu; enpatia landu behar da, eta ulertu besteari hobeto aterako zaiola esaldia zuk harekiko begirunea baduzu». Azaroaren 22az geroztik ostiral iluntzero (21:00) ematen du ETB1ek Basakabi udalekuetan gertatzen diren istorioak ardatz dituen telesaila.