Euskal Herriko filosofo eta pentsalari garrantzitsuenetakoa da Joxe Azurmendi zegamarra, eta obra zabala utzi du hainbat hamarkadatako lanaren ondoren. Orain, bere lan guztiak digitalizatu eta sarean kontsultatzeko moduan jarri ditu Jakin aldizkariak, bere webgunean.
Azurmendiren 685 liburuk eta artikuluk osatzen dute funtsa. Bere obra osoa irakurri eta deskargatu daiteke bertan, doan eta modu errazean. Jakin aldizkariak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatutako hitzarmenari esker, 15.000 orrialde baino gehiago digitalizatu eta sareratu dituzte.
Filosofia eta pentsamendua, nazio auzia, literatura, euskara, kultura eta beste hainbat gai jorratu ditu zegamarrak bere ibilbidean zehar. Dokumenturik zaharrenak 1960koak dira, Jakin eta Anaitasuna aldizkarietan argitaratutakoak. Azkena berriz, 2018koa, hura ere, Jakin aldizkarian ateratakoa.