Osagaiak
- Orburuak, pertsonako 2 edo 3
- Urdaiazpiko iberiarra
- Pinaziak
- Amuarrain arrautzak
- Saltsa egiteko:
- Idiazabal Gazta
- Esne gaina
- Salda
- Ardo zuria
- Tipula
- Gatza
- Olioa
Prestaketa
Saltsa
Zartagin batean tipula gorritzen jarri gatz pixka batekin. Ondo gorritu denean, gazta, ardo zuria eta esne gaina gehitu, eta pixka batean sutan eduki. Ondoren salda bota, murrizten utzi eta birrindu.
Orburuak
Orburuak garbitu, zatitu eta egosialdi motz bat eman, hiru bat minutukoa. Ondoren zartaginean olio pixka batekin gorritu bat eman.
Urdaiazpikoa zati txikitan ebaki eta zartagin batean txigortu.
Aurkezpena
Plater batean Idiazabal saltsa zabaldu, gainean orburuak jarri, eta gainetik pinaziak, urdaiazpiko iberiarra eta amuarrain arrautzak jarriz norberaren gustura apaindu.
Eneko Azurmendi
Lazkao Etxe baserriko semea da Eneko Azurmendi. Donostiako Sukaldaritza Eskolan ikasi eta hainbat jatetxetan lan egin ondoren, duela 22 urte hartu zuen etxeko jatetxea.
- Barazkirik finena? Kardua.
- Arrainik goxoena? Erreboiloa eta legatz kokotxak.
- Haragirik gustukoena? Haragia ez da izango, baina ahate gibela plantxan.
- Otordu bat ondo bukatzeko? Torrijak.
- Ardo zuri bat? Gewurztraminer mahats motarekin egindakoa.
- Eta beltza? Ondua aukeratuko nuke. Adibidez, Madrilgo ardo bat: Tagonius.
- Derrigorrezkoa duzun ongailua edo espeziea? Tipula.
- Zein da Lazkao Etxeko plater izarra? Antxoaz betetako hostorea, txekor masailak eta gazta tarta.
- Zein sukaldari miresten duzu? Hilario Arbelaitz.