Idiazabalgo krosak 40 urte beteko ditu aurten. 1981ean egin zuten lehenengo lasterketa, eta elementu ugari aldatu dira ordutik gaur egunera arte. Futbolean aritzen zen herritar talde batek jarri zuen martxan krosa, eta gaur egun ere haiek jarraitzen dute antolakuntza lanetan. Xabier intxausti antolatzaileetako bat da; korrika ateratakoa ere bada, baina gaur egun beste jarduera batzuk izaten ditu eskuartean proba egunean: «60 bat pertsona aritzen gara lanean boluntario gisa», azaldu du.
Garaira egokituta
Lasterketaren eguna ere aldatu da 40 urte hauetan. Intxaustik azaldu du hasieran festetako azken igandean egiten zela proba: «Aldatzea erabaki genuen, festetako ajearekin jendeak ez zuelako parte hartzen; orain festen hasieran egiten dugu, eta ez dugu arazo hori».
Igandean, urtarrilaren 26an, izango da proba, 12:00etan hasita. Parte hartzaileek 10.245 metro korritu beharko dituzte. Intxaustik azaldu du ibilbidea aldatu dutela urteetan zehar, «karrerara eta ingurura egokitzeko». Distantzia ere aldatu dute: 1981ean, lehenengo edizioan, 8,5 kilometroko lasterketa izan zen, eta 71 pertsonak hartu zuten parte, horietako 14 emakumeak izanik. Bigarren edizioan 10 kilometroko ibilbidea ezarri zuten, gaur egungoaren antzera. Gazteentzako karrera, berriz, 1983an antolatu zuten lehenengo aldiz, eta 5,5 kilometroko lasterketa izan zen hasieran. Igandekoan, aldiz, 3,525 metro egingo dituzte gazteek, kadete mailan. Haurrei dagokienez, 1987an hasi ziren txikientzako probak egiten. Gaur egun benjamin, alebin, infantil, kadete eta heldu eta beteranoen lasterketak daude. Benjaminek 600 metroko proba egingo dute, alebinek 1.100 metrokoa, infantilek 1.600 metrokoa eta kadeteek 3.525 metrokoa.
«Motorrarekin hasi ginen lehenengo, baina orain bizikletak erabiltzen ditugu». Intxaustik azaldu du helduen lasterketa txirrindulariek gidatuko dutela aurretik eta atzetik. Partaidetza kopuruak ere gorabeherak izan dituen arren, aurten 500 korrikalari ingururen parte hartzea espero dute antolatzaileek. 2010. urtean, 30. ediziorako, txipa erabiltzen hasi ziren: «Aurrerapen handia izan zen», esan du Intxaustik. Urte hartara arte ere, dohainik izaten zen izen ematea, baina gastuei aurre egiteko 6 euroko prezioa ezarri zuten. Aurten, berriz, 9 euro ordaindu dituzte korrikalariek, urteurrena dela eta karrera bukatzen duten guztiek jasoko baitute saria: gazta laurdena eta oroitzapenezko kamiseta berezia. 2014. urtera arte, diplomak ematen zituzten: «Korrikalari bakoitzaren izenarekin eta guzti, etxera bidaltzen genizkien», jakinarazi du Intxaustik. Orain, berriz, gazta zati bana jasotzen dute. Haurrek, ordea, domina jasoko dute.
«Sailkapenak eskuz egiten genituen, Rosamari aritzen zen idazkari lanetan; sailkapen horiek orain altxorra dirudite», azaldu du Intxaustik. 1982an, ordea, teknologia mailak gora egin zuen: «Olivetti idazteko makina erabiltzen genuen». Ez zen izan 2002. urtera arte ordenagailua erabiltzen hasi zirela: «Beatriz Telleriak programa bat sortu zuen kroseko zerrendak egiteko». Telleriak berak ere 22. edizioan sortu zuen gaur egun erabiltzen duten logoa : «Axaria sortu zuen, gaur egun ikur duguna».
Kros partehartzailea
«Kros herrikoia, partehartzailea eta berdintasunezkoa da Idiazabalgo lasterketa», esan du Intxaustik. Gehitu du korrikalariari tratu duina ematen saiatzen direla. Hizkuntzarekiko konpromisoa ere agertu du: «Gure hizkuntza euskara da». Aurten lehenengo aldiz Zure irrifarra, gure indarra ekimena jarriko dute martxan: dibertsitate funtzionala dutenek ere lasterketan parte hartzeko aukera izango dute, Jakes Lopezek martxan jarri duen proiektuarekin bat egin baitute.