Beasaingo 1.700 gurasok berdintasun eta erantzukidetasunari buruzko lanketa egin dute Hezi2deko kideekin.
Gizarte parekide batera iristeko bidea norbere etxean hasten da. Beasaingo 1.700 guraso lehen urratsa ematen ari dira Berdintasuna etxean hasten da programarekin. «Erantzunkidetasuna gurasoekin lantzeko gida didaktiko bat da», laburbildu du Idoia Luzuriaga Hezi2de berdintasun eta hezikidetza aholkularitzako kideetako batek. «Helburua kontziliaziotik kontziliazio erantzunkidera jauzi egitea da. Kontziliazio hutsak ez du berdintasuna bere horretan bermatzen, berarekin ez dakarrelako jarrera aldaketa. Kontziliazio oso bat nahi badugu jarrera erantzunkide bat landu beharra dago», osatu du Miren Aranburu Hezi2deko beste kideak.
«Berdintasuna pulpitutik jaitsi behar dugu eta praktikatu», ohartarazi du Luzuriagak. «Mundu guztiaren ahotan dago berdintasuna, denok gaude berdintasunaren alde. Ederki. Baina gizarteratu egin behar da, eta sozializatu eta praktikatu». «Inork ez dizu berdintasunaren kontra dagoela esango», jarraitu du Aranburuk. «Baina zer egiten duzu? Nola gauzatzen duzu? Ez dakigu erantzuten ez dugulako ikasi. Praktikatzeko zer egin behar dudan jakin behar dut».
Berdintasuna etxean hasten da programarekin Aranburuk eta Luzuriagak bi orduko bina saio gidatu dituzte Beasaingo Alkartasuna, Andramendi Ikastola eta La Salle ikastetxeetako gurasoekin –Murumendi Eskola Publikoko gurasoekin otsailean zehar elkartuko dira–. Lehendabiziko batzarrean proiektuaren nondik norakoak azaltzen dizkiete eta ariketa praktikoen bidez arreta non jarri behar duten ikasten dute. Ondoren, landutakoarekin norberak bere kontziliazio ohituretan erreparatu behar du astebetez, eta bigarren saioan bakoitzak ateratako ondorioak konpartitzen dituzte egoera nolakoa den ebazteko. «Aukera polita da norberaren baitan begiratzeko, etxean zer gertatzen den ikusteko», azpimarratu du Luzuriagak. «Fokua gugan jartzen dugu. Ez epaitzeko, hobetzeko baizik. Kontziliazio erantzunkidetasunari begira zer egiten duzu ama bezala? Eta aita bezala? Eta seme-alaba bezala?», bota du galdera airera.
Ez goi eta ez doi
Aranburu desikastearen garrantziaz mintzo da. «Genero sozializazio bat eman da urteetan eta hortik datoz dauzkagun patroiak». Ikusitako errepikatuz ikasten du gizakiak, eta hala betikotzen dira joerak: «Gurpil zoro bat da. Berdintasuna ikasketa prozesu bat da, eta helduok jabetu behar gara denbora behar dugula, ez dela egun batetik besterako kontua». «Hau pausu txiki bat besterik ez da», abisatu du Luzuriagak. «Argi dago programa honek ez dituela arazo denak konponduko, baina lortzen badugu norberak bere etxean gertatzen denari begiratzea eta zalantzan jartzea eta egin beharreko aldaketak identifikatzea, asko da». «Jarrera aldaketa norberak egin behar du, baina lo daden puntu batzuk ukitzen ditugu klik egiteko», erantzun dio Aranburuk.
Idoia Luzuriaga: «Berdintasuna pulpitutik jaitsi behar dugu, eta sozializatu eta praktikatu»
Miren Aranburu: «Etxean gertatzen denari begiratzea eta zalantzan jartzea lortzen badugu, asko da»
Luzuriagak eta Aranburuk argi utzi nahi dute inori ez diotela kargu hartu nahi hobetu beharreko joerak aztertzerakoan. «Gurasotasunak duen exijentziari beste bat gehitzen badiogu… Perfekzioak ez du existitzen, ez sentitu errudun», diote. «Niretzako», hasi da Luzuriaga, «gurasotasunarekin oso lotutako sentsazioa da erruarena. Guraso guztiok nahi dugu onena gure haurrentzat eta guretzat, baina ezinezkoa da denera heltzea. Gurasoak gara, baina langileak ere bai, emakumeak edo gizonak, lagunak…». «Ama askok sentitzen dute dena ongi egin beharraren presioa», gaineratu du Aranburuk. «Amatasun hegemoniko bat ere badago, nekatu gabe dena ongi egiten duena. Lanketa egin ostean maskulinitatearen rola zalantzan jarri behar dela ikusten den bezala, konturatzen gara emakumeok gure papera birpentsatu behar dugula. Apur bat askatu behar gara ez itotzeko».
Joerak aldatzeko mesfidantza ere sumatu dute, ordea: «‘Nik azkarrago eta hobeto egiten badut, zertarako utziko diot berari egiten?’ galdetzen dugu askotan». Etxeko lanak betidanik emakumeengan utzi direnez, emakumeek praktika gehiago dute eta hobeto egiten dute. «Zerbait gertatzen da egunen batean ohea gaizki egiteagatik? Gaizki plantxatzeagatik? Ez, lasai. Denborarekin denok ikasten dugu eta benetako berdintasuna lortzeko denok jakin behar dugu dena egiten lanak konpartitu ahal izateko».
Gurasoak, ikasteko prest
Haatik, gurasoen balorazioa positiboa izaten da. «Lau orduak motz gelditzen zaizkigu. Saioak moztu egin behar izaten ditugu, beraiengatik balitz elkarren bizipenak konpartitzen jarraituko luketelako», esan dute Hezi2deko arduradunek. «Egiari zor gurasoen prestutasuna ikaragarria izan da. Guraso elkarteek antolatu dituzte saioak, eta beraien inplikazioa oso handia izan da». Gainera, parte hartu duten gurasoek berdintasunarekiko kontzientzia maila altua dutela azpimarratu dute. «Halako laborategietara etortzen den jendeak aurre lanketa bat egina izaten du. Zaila da berdintasunari garrantzirik ematen ez dion jendea erakartzea, eta pena da. Eztabaida sustatzen dute», adierazi du Luzuriagak.
Gurasoen artean konplizitatea sortzen da. «Askatzeko eta etxeko ohitura kontatzeko taldeko giroak atsegina eta konfiantzazkoa izan behar du. Talde txikietan biltzen gara giro egokia errazago lortzeko». Errepikatzen diren patroiak ere badaude: «Hor konturatzen gara genero sozializazioak lan batean edo bestean jarri gaituela. Oraindik zerbait kulturala da, eredu erabat tradizionala». Kasu, jardunaldietan parte hartu duen gehiengoa emakumezkoa da, hots, amak: «Aitak %5 inguru izango dira».
Berdintasuna etxean hasten da programan haurrekin lanik egin ez duten arren, Hezi2dekoek esperientzia handia dute txikienekin berdintasuna lantzen. «Haurrekin eta helduekin landu beharreko zerbait da. Bakoitzak bere berezitasunak ditu eta moldatu egin behar da, baina muina ez da horren desberdina». Haurrek ere berdintasuna aldarrikatzen dute, baina beraiei ere kosta egiten zaie gurasoen moldeekin apurtzea. «Polita da haurrekin lan egitea. Ez dute filtrorik, eta egia esaten dute», dio Luzuriagak. «Beraiek ere konturatzen dira amak lan zama handiagoa izaten duela, eta orduan hasten dira diskurtsoa moldatzen berdintasuna bermatzeko ‘aitak behin egin zuen…’ eta horrelakoekin».
Beasaindik Gipuzkoara
Programa hau proba fasean dago oraindik, Gipuzkoa osora zabaldu baino lehenago Foru Aldundiak Beasainen testatzea erabaki baitzuen. «Orain ikastetxeetan jasotako ondorioak aztertu behar ditugu formazio egitasmo hau lurralde osora hedatu baino lehenago. Baina ondorioak positiboak dira».
Ez da kasualitatea aldundiak Beasain aukeratu izana. HerriLab proiektua bertan ari dira garatzen, eta Berdintasuna etxean hasten da programa proiektuaren adarretako bat da. Izan ere, HerriLab Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kontziliazio Erantzunkiderako I. Plana da, eta bere helburua emakumeei eta gizonei lana, familia eta garapen pertsonala modu orekatuagoan uztartzen lagunduko dieten dinamikak sortzea da. «Beasain oso eremu interesgarria da kontziliazioa bultzatzeko proiektuak garatzeko. Bere kokapen geografikoagatik, biztanleria kopuruagatik, bizi mailagatik, egoera sozio-ekonomikoagatik…».