Martxoaren 1ean izango da Donostian egiten den bost kilometroko lasterketa. Goierriko hainbatek hartuko dute parte proban; Seguran, Zaldibian eta Lazkaon entrenatzeko taldeak osatu dituzte. HITZA-k ere bere taldea sortu du.
Goierritar ugari biltzen dituen lasterketa da Lilatoia; iazko edizioan Goierriko 837 emakumek hartu zuten parte, eta hiru talderik jendetsuenak ere bertakoak izan ziren. Urretxu-Zumarragako Ikastola, Ordiziako Jakintza Ikastola eta Legazpiko Haztegi Ikastola izan ziren talderik handienak osatu zituztenak. Podiuma egin zutenen artean ere, goierritar bat; Izaro Rubio ordiziarrak 3. postua lortu zuen, 2. postuan geratu zen Nerea Egia, eta irabazlea Lorea Ayala izan zen.
Aurten 30. edizioa egingo du Lilatoiak martxoaren 1ean. Inskripziorako prezioa 11 eurokoa da, eta otsailaren 20ra arte egongo da zabalik. Irabaziak Gautena elkartearentzat izango dira. Urtero jarraitzaile eta korrikalari gehiago biltzen ditu lasterketak, eta aurtengo partaidetza ere handia izatea espero da. Iaz, parte hartzea inoizko altuena izan zen: 6.200 emakumek eman zuten izena, eta 5.400ek amaitu zuten proba. Aldarrikapena, kirola eta festa uztartzen ditu Lilatoiak. Talde lana ere sustatzen du antolakuntzak, talde jendetsuenarentzako saria banatzen baitute. Lazkaon, Zaldibian eta Seguran taldeak osatu dituzte proba taldean prestatzeko. Lazkaon, gainera, prestatzaile bat izango dute asteartero kiroldegian (19:00-20:00).
Hitza-k ere bere taldea osatuko du. Edonork har dezake parte lilatoia@hitza.eus helbidera idatzita edo toki bakoitzeko bulegora deituta otsailaren 21a baino lehen.