Alarma Morea musika taldea Nerea Dualek (Zumarraga, 2002), eta Uxue (Zumarraga, 2002) eta Ainhoa Plagaro ahizpek (Zumarraga, 1997) osatzen dute.
Azala edo Ez beti da ez izeneko abestiekin eman da ezagutzera talde zumarragarra. Arrazakeriaren eta sexismoaren aurka joateko tresna ezin hobea da musika hiru taldekide gazteentzat. Estilo runberoa nagusi den arren, oholtza gainean askotariko estiloak jorratzen dituzte, taldekideen asmoa gustatzen zaizkien kanten bertsioak egitea ere badelako.
Hasieran, etxean soilik jotzen eta abesten zuten Ainhoa eta Uxue ahizpek elkarrekin. Ondoren, taberna eta jai batzuetan kontzertuak eskaintzera animatu ziren. Perkusionista baten falta sumatu, eta Uxuek, haren klasekide ohi Nereari kontzertu bat elkarrekin egiteko proposamena egin zion. Momentu horretan sortu zen gaur egungo Alarma Morearen ibilbide musikala.
Azala izeneko abestian entzun daitekeen moduan, arreta berezia ipintzen diete letrei, haientzat garrantzitsua delako islatzen den mezua: «Kolektibo zapalduen ahalduntzean jartzen dugu begirada batez ere, hausnarketara bultzatu nahi ditugu entzuleak».
Hasieratik, esperientzia ugari bizitzeko aukera izan dute eta bide hori egiten jarraitu nahi dute: «Ematen dugun guztia biderkatuta jasotzen dugu askotan». Jasotako babesa ere eskertu nahi dute: «Eskerrak eman gure egunerokotasunean bultzatzen gaituzten guztiei. Gora bihotz moreak».
Jarraipena nolanahi
Abestiak Youtube eta Spotify bezalako plataformetan dituzte entzungai. Zuzenean ikusteko hurrengo aukera martxoaren 8an izango da Zumarragako Emakumeen Plazan (Areizaga-Kalebarren plaza), 17:00etan. Data horretaz gain, maiatzaren 10ean Zumarragako Eitzaga auzoko jaietan joko dute.