Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria
Entropia eta utopia dio Humanity at Music sinfonia kooperatiboaren abestietako batek. Edgar Morinen (Paris,1921) printzipio dialogikoaren ikuspuntutik bereziki ulergarria bihurtu zait esaldi mamitsu hau. Zer dio Morinen dialogikak?… Gure bizitzaren konplexutasunean kontra dagoen hori, aldi berean, era errepikari eta osagarrian topatzen dela. Adibidez, ordena eta desordena aurkariak direla, eta aldi berean, elkarrekin lan eginez antolaketa eragiten dutela. Esan dezakegu gure izaera biologikoan bizitza sortzea dela ordenaren indar miresgarria eta heriotza zoritxarrez ordena ezaren, entropiaren, garaipena.
Giza komunitateak ere, ordena-ordenarik ez dialogika honen ikuspuntutik aztertu ditzazkegu. Entropia ordenarik ezaren joera eta utopia berriz ordenarena bezala hartzen baditugu, nahiz eta utopiak gaur egun prensa txarra izan. Historian zehar entropiak ezberdintasuna, zuzengabeko gain-balioaren jabetzea, miseria, gerra, bortxaketa, hezkuntza-eza, goitik-beherako agintea, behin-behinekotasuna, migrazioa, kutxadura eta klima aldaketa eragiten ditu. Utopiak berriz, ikuspuntu sozial eta komunitario batetik, gizarte berri bat eskuratzeko idealak, ohitura pertsonal eta praktika kolektiboak eragiten ditu. Berdintasunean eta elkarlanean oinarritutako komunitateak irudikatzen ditu.
‘Alternatibarik ez dago’ leloari aurre egiteko modurik hoberena proposamen eta ekimen zehatzak azaldu eta garatzea izango litzateke
Egitura sozio-ekonomikoak, entropia eta utopiaren arteko tirabira dialogiko horrek eraginda, beti hibridoak izaten dira. Munduko eta tokian-tokiko logika dominantearen arabera kapitalismoa, komunitarismoa eta estatismoa maila ezberdinean konbinatzen dira. Utopia komunitarioaren iparorratza ekonomia eta politikaren gainean bere boterea gehitzea izan da. Azken finean bi esfera horien demokratizazioa. Sovietar blokearen inplosioa eta neoliberalismoaren areagotzeak posibletzat ikusten genuen jomuga hori estutzera behartu gaitu. Baina, hanka bat lurrean jartzen badugu, gaur egun jabetu zaigun ‘Alternatibarik ez dago’ lelo horri aurre egiteko modurik hoberena proposamen eta ekimen zehatzak azaldu eta garatzea izango litzateke. Utopiaren zeruertza zabaltzen laguntzen duten utopia errealak indartuz berriak garatzea.
Joan zen larunbatean Ataunen Joxe Bikuñari entzun nizkion hitzak gogoratuko ditut: «Herria herritarrak egiten diagu, baino herriak herritarrak ere egiten gaitu». Goierrin badugu goierritarrok garatutako utopia erreal sorta ederra. Beste baterako utziko dut inbentarioa.