Gipuzkoako Foru Aldundiak A-636 (Beasain-Bergara) errepidean bidesariak jartzeko asmoa iragarri du. Urretxuar eta zumarragar talde batek bidesari horien aurkako plataforma sortu du. Edu Reguero (Arrasate, 1976) da herri ekimen horretako kideetako bat .
Nolatan sortu duzue plataforma?
Plataforma modu espontaneoan sortu da, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Beasain eta Bergara arteko errepidean bidesariak ezartzeko lege aurreproiektua onartu duela jakin ondoren. Sare sozialen laguntzarekin, Areizaga-Kalebarren plazan elkartzen hasi ginen. Gure ustez bidesariak ez dira bidezkoak eta aldundiak atzera egitea nahi dugu.
Zergatik diozue A-636 errepidean bidesariak jartzea ez dela bidezkoa?
Errepideei dagokionez, zonalde hau gaizki komunikatua egon da historikoki. Debagoienara joateko Deskargatik pasa behar zen eta auto ilara luzeak egoten ziren. Beasainera joateko, berriz, Eitzagatik eta Ormaiztegitik pasa behar zen. Duela urte batzuk autobidea egin zuten eta oso mesedegarria izan zen Donostia, Iruñea eta Iparraldera joateko. Orain, berriz, Deskargako autobidea egin dute. Azaroan, ordea, bidesarien lege aurreproiektua onartu zen. Horrek bigarren mailako eskualde bilakatzen gaituela uste dugu. Izan ere, ez dugu alternatibarik: errepide zaharretik 45-50 minutu behar dira Beasaindik Bergarara joateko. EAJk eta PSE-EEk erabiltzaileek ordaindu egin behar dutela diote. EH Bildu ere iritzi berekoa zen, baina gaiaren inguruan hausnartzen ari dela dirudi. Bide alternatiborik ez dugula gogorarazi diegu. Beste eskualde batzuetan bidesaririk gabeko autobideak dituzte.
Zein kalte eragin ditzakete bidesariek?
Kalte bakarra ez da errepidea erabiltzeagatik ordaindu beharra. Bidesariek komunitate osoari kaltea eragingo diote. Zenbait jendek errepide zaharra erabiliko du eta inguruko herrietako bizilagunei eta txirrindulariei kalte egingo die. Gainera, istripu arriskua handiagoa izango da. Bestalde, bidesariek errepide bidezko garraioa garestituko dute eta garestitze hori norbaitek ordaindu beharko du. Merkatariek, beharbada.
Zenbat lagun zaudete plataforman?
Taldea irekia da eta zaila da esatea zenbat kide gauden, baina lehen bileran 25 lagunek parte hartu zuten eta bigarrenean 35ek. Kontzentrazioei dagokionez, Zumarragakoan, eguraldi onarekin, 250-300 lagunek parte hartu zuten. Urretxukoan eguraldi txarra egin zuen, baina 200 lagun inguru elkartu ginen. Gure taldea irekia da, noski.
Zer egin duzue orain arte?
Inguruko udalek beraien iritzia ez azaltzea deigarria iruditu zitzaigun. Alkateen eta zinegotzien iritzia jakin nahi genuen. Hori dela eta, Urretxuko eta Zumarragako osoko bilkuretan parte hartu genuen. Gure argudioak azaldu genituen eta, gure harridurarako, alkateek eta zinegotziak ez zieten gure argudioei aurre egin. Guk, ordea, aldundiaren argudioei aurre egin diegu. Argi dago Urretxuko eta Zumarragako alkateek ez dietela beraien alderdiek batzar nagusietan diotenari aurre egin behar. Kezkatuta daudela diote, baina ez dira ausartzen ez dela bidezkoa esatera eta ez diete gure argudioei aurre egiten. Diskurtso ofizialari eusten diote.
«Ez dugu alternatibarik: bide zaharretik 45-50 minutu behar dira Beasaindik Bergarara joateko»
«Kutxak baldintza bezala bidesariak jartzea eskatu badu, aldundiak mailegu horren ezaugarrien berri eman beharko luke»
Osoko bilkura gehiagotara joan behar al zarete?
Plataformako kide gehienok Urretxu eta Zumarragan bizi gara. Hori dela eta, bi herri horietako osoko bilkuretara joan gara eta kontzentrazioak bi herri horietan egin ditugu. Ez dugu osoko bilkura gehiagotara joateko asmorik. Gure nahia mugimendu hau beste herri batzuetara hedatzea da: Beasain, Ordizia, Bergara, Antzuola, Ormaiztegi… Herri horietako bizilagunak dira herri horietako osoko bilkuretara joan behar direnak. Ez dugu alkateekin denbora asko galdu nahi, goikoek agindu dietena esaten ari baitira. Oso zaila izango da beraien postura aldatzea. Zer pauso eman aztertzen ari gara.
Plataforma hau Urretxu eta Zumarragan sortu da. Gainontzeko herrietako bizilagunen elkartasuna sumatu al duzue?
Ordizia, Beasain, Ormaiztegiko… bizilagun askok gure iritzi bera dutela dakigu. Ospitalera etortzeko bidesariak ordaindu behar izatea bidegabea iruditzen zaie. Baina oraindik ez da bidesarien aurkako talderik sortu herri horietan.
Zeintzuk izango dira zuen hurrengo pausoak?
Batzar Nagusietako kideekin, Hiru sindikatuko kideekin, merkatariekin… elkartu gara, eta AP-8ko bidesarien aurkako plataformako kideekin elkartu behar gara. Urretxuko kontzentrazioan egon ziren eta elkarrekin lan egiteko asmoa azaldu zuten. Eskertzekoa da. Egia esan, oso denbora motzean gauza asko egin behar izan ditugu eta hurrengo pausoen inguruan hausnartu beharra dugu. Ez dugu hutsik egin nahi. Hori dela eta, informazioa bildu eta eztabaidatu beharra dugu, zer egin erabaki aurretik. Korrika egiteak ez digu mesederik egingo.
Komunikabideen babesa sentitu al duzue?
Komunikabide asko jarri dira gurekin harremanetan gure iritzia jasotzeko.
Urretxuarren eta zumarragarren erantzunarekin gustura al zaudete?
Bai. Norbanakoek ez ezik, talde batzuek ere babesa eman digute. Pentsiodunek, adibidez. Bestalde, plataformako dinamika bera aberasgarria da. Inongo estrukturarik gabe, pauso asko eman ditugu.
Zerbait gehiago aipatu nahi al duzue?
Aldundiaren argudioak oso deigarriak iruditu zaizkigu. Urretxu eta Zumarragako alkateek argudio horiek berak erabili dituzte. Aldundiak Europar Batasunak Beasain eta Bergara artean bidesaria jartzeko eskatu duela dio. Hori ez da hala. Europar Batasunaren direktibak 3,5 tona baino gehiagoko ibilgailuak bakarrik aipatzen ditu. Bestalde, aldundiak lurralde kohesioa aipatu du. Horrek ez du zentzurik. Biztanleriaren zatirik handiena N-1 errepidearen inguruan bizi da eta errepide hori doakoa da. Guk, berriz, ordaindu egin beharko dugu N-1era heltzeko. Hori lurralde kohesioaren aurkakoa da. Horretaz gain, aldundiak obra eta errepidearen mantenua ordaindu behar direla dio. Obraren kostua zein izan den jakin nahi dugu, baina ez digute informazio hori ematen. Errepideak erabiltzen dituztenek erabilpen horren truke ordaintzearen alde gaude gu ere, baina hemen ez dago errepide alternatiborik. Kutxak mailegua emateko orduan baldintza bezala bidesariak jartzea eskatu badu, aldundiak mailegu horren ezaugarrien berri eman beharko luke.